Monumentuak
Parrokia eliza
Parroki eliza horren lehen berriak XIII. mendekoak dira; hala ere, elizaren egungo egitura-nukleoa XVI. mendearen erdialdean, hainbat harginek egindako obrari dagokio; hargin batzuk bertakoak ziren, hala nola, Juan eta Andres de Mendiola. Geroago, 1632. urtetik aurrera, Markina Etxebarriko harginak, Juan de Ansola Ibaigurenek, kaperak dauden alboko bi nabeak eraiki zituen. 1686ko uztailean Juan de Aranzeta elgetarrak dorrea eraikitzeari ekin zion. Bitartean, 1715ean, Antonio de Angiozarrek koruari eusten dion arkuteria barrokoa eraiki zuen. Erretaula neoklasikoa, Ventura Rodriguezek diseinatu zuen; eraikuntza zuzendu, berriz, Migel Antonio de Jauregi arkitekto bergararrak.
Eliz ataria
Euskal arte herrikoiaren eredu bikaina da 1666. urteean eraikitako elizpe hau. Eraiki, Pedro de Aldazabal Madalzeta zurginak egin zuen. Diseinua, berriz, Debako Antonio de Anziondo maisuarena da. Zura lantzeko moduan oraindik ere arte popularrean oso present darraiten errenazimenduko motiboak barroko garaikoekin nahasten dira. Eliz-ataria laurogeigarreneko hamarkadan goitik behera barriztatu zuten.
Jauregi etxea
XVIII. mendearen bigarren erdiko jauregi-etxe hau transizio barroko-neoklasikokoa da. Zubi nagusira ematen duen ertz batean armarri narriatu bat du, dagoeneko elementu dekoratiboak baino nabari ez zaizkiona. Seguruenik, armarri horrek Azpeitiko Enparantarren armak errepresentatuko zituen; izan ere, horiek izan ziren eraikuntzaren antzinako jabeak eta eragileak. Eraikin hori Kalebarren 2an dago eta egun Abadetxea da. Gaurdaino bertako hainbat erakunde hartu ditu bere barnean; lehena, "Sociedad de Amigos" zeritzon erakundea izan zen; beheko solairua okupatzen 1859an hasi zen.
Arregigaraikua
Etxe hau Arregigaraikua izenez ere ezagutzen da. Antzinako euskal dorretxea da, Erdi Aroko elementu arkitektonikoak dituena, hala nola, lobulu-modiloiak, altuera ezberdinetako sarrera-ateak e.a. Geroago hiri-jauregi bihurtu zen. Fatxada, Iruretarren armarri barroko handi batek janzten du; izan ere, XVI. mendean Andres Ibañez de Irure eta Maria Perez de Arregia, izen bereko etxea heredatu zuena, ezkontzean Iruretarren leinukoen jabetza izatera pasatu zen. Erreferentzi blasoiak nahasketak sortu ditu eta ondorioz "Irure Jauregia" izen ezegokia eman zitzaion.
Zupide
Erret Fabrikako kontulari zen Andres de Saloguenen kontura eraiki zen 1601ean. Errenazimentuko jauregi-etxearen eredu ederra da, alboko fatxada arkuterietan artikulatuta duena terrenoaren inklinazioari aurre egiteko. Seguraski kalitate estereotomiko handiena duen etxea da hirian. Etxe handi hau, Baltegieta 7 kalean dago eta gaur egun jabeen izenez ezagutzen da: Lersundi jaunak.
Baselizak
- Ezoziko Ama Birjinaren Santutegia
Baselizaren barrualdea orain dela gutxi zaharberritu dute. Arkitektura erlijiosoari dagokionean, Santutegiko eraikina da bereziki nabarmentzekoa. Santutegiak herriko elizaren igual-iguala dauka kanpoaldeko itxura; izan ere, bi otoitz-lekuak hargin berberek, Galarraga eta Landerrain errezildar maisuek, bukatu zituzten, XVI. mendearen azken urteetan. Santutegiaren barrenean arte-lan zoragarriak daude, hala nola ur bedeinkatuaren ontzi gotikoa, Andre Mariaren irudi gotiko fin eta bikaina, grabatu astrolatikoak eta bestelako hamaika irudi geometriko koruari euste dioen zurerian, etab.
- Roke Deunaren baseliza (Santa Krutz)
Baseliza zaharra da hau. Mendebaldeko fatxadan dauzkan Erdi Aroko leihoen tarteak dira horren seinale. Baselizak horma-hobi aldarea dauka, errenazimendu garaiko bi irudi ederrekin. Irudi horiek Valladolideko San Roque y San Sebastián eskolaren airea dute. Barrualdea kontserbazio-egoera oso onean dago. Duela urte batzuk berriztatu egin zen guztiz.
- Meteri eta Zeledon santuen baseliza (San Martzial)
Gaur egun "San Martzial" izenarekin ezagutzen da gehiago, santu honen irudi bat dagoelako bertan. Arestian aipatu Santu Martiriei eskainitako errenazimendu garaiko erretaula dauka, Oñatin bizi zen Pierres Picart maisu tailagileak 1547an egindakoa. Baseliza erdi arokoa da, aldameneko Hernizketa baserriaren garai berekoa.
- San Andres
Izen bereko baserri auzoan, herri osoa mendean hartzen duen muinoan dago kokatuta 1558an eraiki zuten baseliza hau. Bertan, Jeronimo de Larrea eskultore tolosarrak 1610ean egindako erretaula dago, bai eta herriko elizatik ekarritako pulpitoa ere.
- San Esteban
Irureko baserri auzoan kokatuta dago, izen bereko baserrien aldamenean. Erdi arokoa da eta elementu gotiko zenbait dauzka bere egituran, leihoa, gezileihoa eta sarrera-atea kasu. Bertan, San Antonio Abad eta San Estebanen irudiei ematen zaie kultua.
- Santa Ageda
Irure auzoko Zabala baserriaren ondoan kokatuta dagoen Baseliza txikia da Santa Aguedakoa. XVI. mendearen erdialdean eraiki zuten. Eraikitze-lan horiek orduan Irure baserriaren jabe zirenek ordaindu zituzten, Carlos V enperadoaren mediku zen Andrés Ibañez de Irureren oinordekoek.
- San Ignacio
Txurrukako baserri auzoan kokatuta dago. Bertako auzotarrek eraiki zuten 1957an. Frontoi txiki bat dauka aldamenean, ermitako teilatuak eskuinaldera daukan luzapenaren azpian.