Jaiak
Santa Anak
Uztailaren 25 eta 26a dituzte egun nagusi, Santiago eta Santa Ana egunak hurrenez hurren. Santa Ana kaleko festak ziren hastapenetan, izen bereko komentuko zaindariaren omenezkoak. Herriko festa nagusi bilakatu dira urteekin.
Herriko festa nagusiak izaki, 2007az geroztik jai herrikoiak antolatzen dira. Udalak deituta Jai Batzordea osatzen da eta herritarren parte hartzearen bidez antolatzen da egitarau parte hartzaile, inklusibo, parekide, euskaldun eta anitza.
Horrez gain, 2005az geroztik Galtzagorrixak Jai Batzordeak ere jai herrikoien aldeko lan handia egin izan du, txosnak antolatuz eta bere inguruan gazteentzat egunerako zein gauerako eskaintza parte hartzaile eta erakargarria eginez. Gaztetxeak ere egitarau propioa antolatu ohi du eskaintza aberastuz.
Andramarixak
Abuztuaren 15, 16 eta 17an. Herriko zaindari Andre Maria Jasokundekoaren eta San Rokeren omenezkoak. Herriko lehengo festa nagusiak ziren. Aspaldi handiko ohiturari jarraiki, izen bereko ermitatik herrira prozesioan eramaten da San Roke abuztuaren 16an. San Roke Txiki egunari ere - abuztuaren 17a - estimazio handia diote herritarrek.
Gaztañerre
Azaroko bigarren larunbatean Soraluzen ospatzen den hemengo baserriko produktuen azoka da Gaztainerre. Herriko baserritarren eta artisauen azoka gisa hasi zena, Soraluzeko jai egun handienetakoa bilakatu da Pil-Pilean eta Galtzagorrixak bezalako herriko kultur eragileek eman dioten bultzadaren ondorioz.
Santa Ana jaietan bezala, aipatutako bi eragileak eta udalaren arteko lankidetzan jai herrikoi eta parte hartzaileak egiten dira, goizeko azokarekin hasi, babajanarekin jarraitu eta iluntzean erromeriarekin amaitzeraino. Bere aldetik, Gaztetxeak ere egitarau propioa osatzen du jaia goizalderaino luzatuz.
Auzoetako jaiak
Ezozi, San Andres, Txurruka, Irure eta San Martzial auzoetako bizilagunek ere urtero ospatzen dituzte beren festak. Aipatzekoa da duela urte batzuetatik hona Ezoziko jaien bezperan Erromeria Eguna berreskuratu dela, usadio zaharrak berrituz. Lehenengoek ekainean; Uztailean San Andres eta Txurrukakoek; abuztu hasieran Irurekoek eta, azkenik, irailean, San Martzial auzokoek. Azken urteetan herriguneko auzoetako jaiak ere indarra hartzen hasi dira. Horren adibide dira Errekalde eta Gipuzkoa Etorbideko Mesedeetako Jaiak edo Galipot kaleko jaiak.