Zubiaga eta Oleako presetan datorren urtean aktuatuko da; Olabarrena eta Igaretako presekin ariketa konplexu eta zainduagoa egingo da.

Zubiaga eta Oleako presetan datorren urtean aktuatuko da; Olabarrena eta Igaretako presekin ariketa konplexu eta zainduagoa egingo da.

2024/10/25
Zubiaga eta Oleako presetan Merlin proiektuaren arabera aktuatuko da 2025ean; Olabarrena eta Igaretako presekin, ostera, ariketa konplexu eta zainduagoa egingo da, prozesu parte-hartzailean hala planteatuta.

Zalaparta handia sortu da azken urteotan Soraluzen Deba ibaiaren ekosistema lehengoratzeko Merlin proiektuaren harira. Egoera horri erantzuna emateko asmoz, parte-hartze prozesua jarri zuen abian iazko udazkenean udalak, eta eztabaidatik sortutako ondorioen arabera planteatu zuen presa bakoitzarentzako bideorria:

  • Zuloaga eta Oleako presetan Merlin proiektuak planteatutako esku-hartzearekiko adostasuna.
  • Olabarrena eta Igaretako presetako aktuazio proposamenak sakontasun handiagoa behar du.

Aurrekariak

Presen auzia Merlin proiektuak jarri zuen eztabaidaren erdigunean, baina aurretik ere 2017an onartutako hirigintza planean, HAPOan, alegia, aipatzen da ibaiaren lehengoratzea eta ondorengoa adostu zuten URA Agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Soraluzeko Udalak, nork bere ardura eta interesak mahaigaineratu ostean:

  • Ibaiaren itxura urbanoa babestea, presak finkatuz, nahiz eta beraien altuera jaitsi egingo den ondorengo helburuok erdiesteko:
    • Uholde arriskua murriztea.
    • Faunaren igarobidea erraztea.
    • Ur-xaflei eustea.

Harrezkero, presen altuera jaisteko konpromisoa hartuta dauka udalak, udalerriko ibai-ertzetan aurreikusitako garapen urbanistiko estrategikoak egingarri bihurtzeko, uholde arriskua murriztu beharra planteatu zuelako URA Agentziak. Izan ere, Olaldea zein SAPAko inguruak berroneratzeko proiektuak estrategikoak dira Soraluzeren etorkizunerako, eta hori garatu ahal izateko HAPOan presen altuera jaisteko konpromisoa hartu izana erabaki zuzena izan zen.

Azken hilabeteetako lanketa eta erabakia

Udalak ahalegin berezia egin du azken hilabeteotan HAPOAn jasota dagoenarekin zein parte-hartze prozesuko ondorioekin koherentziaz jokatzeko; presen moldaketak ekarriko lituzkeen aukerez zein arriskuez hausnartu du.

Presak moldatzea ariketa sinple gisa irudika bazitekeen ere, ondorioztatu dugu Olabarrena eta Igaretako presekin ariketa konplexuago eta zaindu bat egitea dagokigula; parte-hartze prozesuak ere horrela erakutsi zuen. Uholde arriskua jaisteaz zein iragazkortasuna edo permeabilitate irabazteaz gain, proiektu bat gehituz sortuko diren ibai-ertz berrietako biodibertsitatea zaindu, ondare materiala balorean jarri, ur-xaflak ibai paisaian daukan eragina kontuan hartu eta udalak ibaia herritarrei gerturatzeko dituen proiektuak barne-bilduko dituena (SAPAn egindako eraldaketa, Plaza Zaharrean aurreikusita dagoen grada berria zein Olabarrena
inguruan planteatuko direnak).

Datozen hilabeteetan Aldundiko hainbat departamentu eta Soraluzeko udala buru-belarri sartuko dira jardun horretan. Oraindik ekintza-sorta hauen epeak zehaztu ezin daitezkeen arren, Merlin proiektuari lotutako jarduerak 2025eko udarako bukatuta egon behra dira, beraz, 2025ean aktuatuko da Zubiaga eta Oleako presetan. Olabarrena eta Igaretako aktuazioak Merlin proiektutik kanpo geratuko dira eta beste epe batzuk izango dituzte.

Soraluzeko udalak eskerrak eman nahi dizkie Aldundiko departamentuei elkarlanerako eta adostasunerako erakutsitako borondateagatik. Udalak espero du, halaber, hurrengo hilabeteetako lanek fruitu onak ematea, eta parte-hartze prozesuko ondorioeri tiraka ibai bizigarriago bat lortzeko proiektu sendo bat osatzea soraluzetar guztien gozamenerako.