
Zapatuan egingo da aurtengo Zuhaitz Eguna, sekula baino kolaboratzaile gehiagoren artean antolatua
Azken urteetan egiten duten moduan, Zuhaitz Eguna antolatu dute Soraluzeko Udaleko Ingurumen eta Landa Garapen Departamentuak, herriko Soraluzeko Baso Biziak Elkarteak eta Lurgaia fundazioak, aurten, herriko beste hainbat eragile eta elkarteren parte-hartze bereziarekin.
Martxoaren 15ean, goizeko 9:00etatik aurrera egingo da aurtengo landaketa, Urkiazelain, San Andres auzoan.
Sekula baino kolaboratzaile gehiago
Zuhaitz Eguneko antolatzaileek herriko eragile eta elkarte ugariren kolaborazioa eskatu dute aurten; izan ere, elkarrekin lan egiteak ekintza herritar gehiagorengana hurbiltzeko eta modu komunitarioagoan egiteko aukera ematen du. Hori dela eta, aurten, Soraluzeko AEKk, Gaztelekuak eta Atxolin eta Keixeta IGEk ere parte hartu dute antolaketan, Zuhaitz Egunaren helburuekin bat eginez:
- Ingurumenarekiko konpromisoa sustatzea.
- Herritarren inplikazioa areagotzea.
- Komunitateko kide guztien parte-hartze aktiboa bultzatzea.
Arropa egokia eta antolaketa
Antolakuntzak parte-hartzaileei eskatzen die mendiko edo uretarako botak, arropa erosoa eta euritako arropa eramateko. Halaber, ura eramatea ere gomendatzen dute; eskularruak eta lanerako tresnak antolakuntzak ipiniko ditu, eta landaketekin bukatu ostean, hamaiketakoa ere eskainiko du parte-hartzaileentzako.
Bazkal ordurako etxera itzuliko dira parte-hartzaileak.
Izen-ematea, martxoaren 13ra arte
Izena emateko, bidali e-mail bat, eguena, martxoaren 13a baino lehen izen-abizenak, adina eta herria zehaztuz helbide honetara (Gaia: martxoak 15, Soraluze):