Zakarrontzi berriak ipiniko dira herrigunean
Soraluzeko udalak, mankomunitateko langileekin batera udalerriko zakarrontzien berriztea eta berrantolaketa garatu du azken hilabeteotan. Herriguneko zein auzoguneetako zakarrontzi asko zaharkituta zeudela ikusita, berriak jartzeko eta berrantolatzeko premia zegoela erabaki zen.
Prozesuan, herri osoko zakarrontziak banan-banan ikuskatu dira, bai eta inguruko herrietakoak ere, eta egindako diagnostikoaren arabera, ustez, egokienak direnak aukeratu dira. Udal langileek mankomunitateko langileekin elkarlanean jardun dute.
Lehen fasereko erositako 20 zakarrontziek herrigunekoak ordezkatuko dituzte; ondoren, auzoguneetako zakarrontziak aldatzeari ekingo zaio.
Aldaketa ezingo da egun batetik bestera egin, baina lan handia eta diru gastu azpimarragarria izanagatik ere, udalak beharrezko eginkizuntzat jotzen du. Izan ere, herria txukun mantentzea herritar ororen ardura den arren, udalari eredu izatea dagokio.
Hortaz, udalak konpromisoa hartzen du herria txukun mantentzeko ahalegin berezia egiteko eta herritarrei ere hala egin dezaten eskatzen die.