Zaharren egoitzarako igogailu berria
Mesedetako Amaren Zaharren Egoitzako Patronatuaren Zuzendaritza Batzordeak Atxuri kalea eta egoitza lotuko dituen igogailu berria eraikitzea erabaki zuen joan den abenduaren 1ean egindako batzarrean.
Igogailua Atxuri kalean bertan eraikiko da, zero kotan, eta egun Atxuri parkean dagoen igogailuarekin bat egingo du, airean doan pasabide baten bitartez. Hiru tokitan egingo du geldialdia: Atxuri kalean, Atxuri parkean eta egoitzan.
Modu honetara, egoitzarako irisgarritasuna asko hobetuko da eta egoiliarrek errazagoa izango dute bertara iristea, aldapa eta eskailerarik igo beharrik izan gabe.
Igogailuaren kostua 205.000 eurokoa da. Zati bat, 70.000 euro, Eusko Jaurlaritzaren irisgarritasun gaietarako diru-laguntzarekin finantzatuko da, Soraluzeko Udalak egindako eskaera baliatuz, eta gainontzekoa Zaharren Egoitzak berak ordainduko du.