Zabalik dago 2026eko egutegirako herritarren argazkiak jasotzeko epea
plaentxia.eus

Zabalik dago 2026eko egutegirako herritarren argazkiak jasotzeko epea

2025/03/27
2026eko egutegia ilustratuko duten argazki nagusiak herritarrenak izango dira berriz ere; hori dela eta, herritarrak parte hartzera animatu ditu udalak. Irailaren 2ra arte bidal daitezke argazkiak.

Badira urte batzuk Kontrargi Argazki taldeak eta Soraluzeko Udalak elkarlanean herriko egutegia kaleratzen dutela. Azken urteotan, egutegiko protagonista izan dira herritarrek ateratako argazki ezberdinak. Eta 2025ean ere, arrakasta handia izan du herriko egutegi honek, 550 ale inguru saldu direlarik orotara.

Soraluzeko Udalak eta Kontrargi Argazki taldeak azken edizioaren balorazio positiboa eginda, ildo beretik jarraituko da aurtengoan ere; herritarren argazkiei protagonismoa emanda.

Hainbat herritarrek momentu nahiz leku bereziz ilustratuko dituzte egutegiko orrialdeak, Kontrargi Argazki taldeko kideekin batera. Hori dela eta, herritarrak animatu nahi dira parte hartzera.

Argazkia aurkezteko modua eta epea

Argazkiak honako helbidera bidali beharko dira: kontrargiAK@gmail.com, irailaren 2a baino lehen. Bertan jasotzen diren argazkien artetik, 10 aukeratuko dituzte Kontrargiko kide eta Udaleko ordezkariek. Horietatik argazki bana portada eta kontraportada osatzeko erabiliko dira eta beste zortzi argazkiak aldiz, hilabete banari lotuta agertuko dira. Gainontzeko argazkiak hurrengo urteetarako gordetzeko aukera ere aztertuko da. 

Argazkiak bidaltzeko irizpideak

  • Soraluzeko une edo momenturen bati (paisaiak, kaleak, eraikinak, jaiak, kirola, herri ekimenak…) lotutako argazkia izan beharko da.
  • Soraluzeko herrian ateratako argazkia izan beharko da.
  • Argazkia horizontalean ateratakoa izan beharko da (argazki panoramikorik ez da onartuko).
  • Argazkia ahalik eta kalitate onenean bidali beharko da.
  • Argazkiaren neurriak 20,5 x 30,5 cm izango dira; bakoitzak jarri ezean Kontrargi arduratuko da neurri honetara egokitzen.
  • Partehartzaile bakoitzak gehienez ere bi argazki bidali ahal izango ditu.
  • Argazkiarekin batera honako DATUAK bidali beharko dira.
    • Izena eta bi abizen.
    • Kontakturako telefonoa.
    • Kontakturako emaila.
    • Argazkiaren titulua.
    • Argazkia zein hilabetetan aterata dagoen.

Udazkenean emango da aukeratutako argazkien berri. Ostean, 2026ko egutegia Gaztañerre azoka aurretik ipiniko da saltzen herriko komertzioetan.