XXIV. Gaztañerre Azoka
Larunbat honetan, azaroaren 9an, Soraluzeko Udalak eta DEBEMEN elkarteak antolatuta XXIV. GAZTAÑERRE AZOKA ospatuko da Soraluzen.
Urtero egin ohi den bezala, Erregetxean baserrietako abereak eta produktuak egongo dira erakusgai eta salgai goizeko 9etatik eguerdiko 2ak arte. Horrez gain, artisauek ere beren lanak erakutsi eta salduko dituzte.
Guztira 12 postu jarriko dira Soraluzeko baserrietan ekoizten diren produktuekin, hain zuzen ere barazkiak, frutak, eztia, gazta, ogia, .... eta baserriak honakoak izango dira: Lezarri, Arizaga, Osuma Azpi, Osuma Gain, Aldaso, Itxasoi, Azaoleaga, David Elizburu, Etxeberri eta Arteaga eta Osuma Gain (honek sendabelarren erakusketa egingo du). Bestalde, Egotza Baserriko Nagore Martin-ek ahuntz gazta salgai izango du.
Soraluzeko artisauek material desberdinak erabiliz (zumitza, larrua, egurra, oihala...) egiten duten artisautza ere ikusi eta erosi ahal izango da. Besteak beste Edurne Garate, Arrate Lizarralde, Amaia Amor, Nuria Muro, Kristina Albisua, Aldaso Baseria, Saadia Nasir, Antxon Fresnedo, Lorea de Castro, Idoia Katxo.
Juan Kruz Arizagak aintzinako aroztegiko tresnen erakusketa egingo du eta Zaharren Egoitzakoek egiten dituzten poltsatxoak jarriko dituzte salgai.
San Andres auzoko baserritarrek txerria erreko dute, ondoren pintxoak salgai jarriko dituztelarik; sagardo lehiaketa ere antolatu dute.
Erregetxean bertan Soraluzeko baserrietan hazitako ganadu desberdinak ikusi ahal izango dira (Pirenaikak, Limusinak, Suizak, Hereford, Aberdeen Angus, Salers, Asturiarrak…), astoak, zaldia, idiak, hegaztiak (ahateak, oiloak, antzarrak, fasinak, galeperrak…) txerriak, untxiak... eta honako baserrietatik datoz: Iraolabeitia, Osuma-Gain, Obe, Arizaga, Arritxa, Iribe, Barrenetxe, Iriarte Gain, Iraola Etxeberri, Leire Elizburu eta Argarateburu baserria.
Eguerdiko 12.30ean bertsolariak eta dantza saioa izango dira Erregetxean. Jarraian,Soraluzeko baserrietan bizi diren aiton-amona nagusienei opariak banatuko zaizkie.
Aurtengo omenduak honakoak dira:
-
Lander Lacuesta Gorosabel (Ernizketa baserria) 13-11-1924
-
Maria Eugenia Ariznabarreta Txurruka (Zeleta Baserria) 01-09-1925
Ondoren, azokan parte hartu duten baserritarren hiru postu onenei sariak emango zaizkie.
Behin azoka amaituta, anaiarteko bazkaria ospatuko da Armendia jatetxean eta herri babajana Karpan.
Jaia iluntzera arte luzatuko da.