Ume eta gaztetxoentzako tailerrak antolatu ditu Euskal Aratosteen lan-taldeak
Euskal Aratosteak antolatzeaz arduratzen den lan-taldeak Euskal Aratosteen inguruko hainbat tailer antolatu ditu urtarrilaren 26rako, domeka. Bertan, 0 eta 12 urte arteko ume eta gaztetxoek parte hartu ahal izango dute: 0 eta 3 urte arteko haurrek haien txokoa izango dute eta 4 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoek dantza, zanko eta apainketa tailerrak izango dituzte. Tailerren ordutegia 11:00etatik 13:00etara izango da, Kultur Gunean (Ludoteka, Antzokia...). Tailerren funtzionamendu egokia bermatzeko, aurrez izena eman beharko da, urtarrilaren 24ra arte.
0-3 urte bitartekoentzako txokoa
Txoko honetan, 0 eta 3 urte bitarteko haurrek pertsona heldu batek lagunduta egon beharko dute. Bertan, Marras panpina Zakuzaharrez mozorrotu ahal izango dute zakuzko oihala, lazoak, zintzarriak eta haien adinerako material aproposa erabiliz.
Gainera, HH3ko haurrek dantza tailerrean ere parte hartu ahal izango dute, heldu baten laguntzaz, dagokien txandan.
HH3-LH6 bitarteko ume eta gaztetxoentzako tailerrak
HH4tik LH6ra bitarteko ume eta gaztetxoek tailer guztietan parte hartzeko aukera izango dute, txandaka. Hori dela eta, izen ematea ezinbestekoa izango da. Honakoak izango dira tailerrak:
1. Dantza tailerra:
Txistularien eskutik, zuzeneko musika egongo da, eta maila bakoitzak Euskal Aratosteen eguneko kalejiran dantzatuko dituzten abestiak entseatuko ditu. Txandaka antolatuko da tailerra.
Hauexek dira mailaz maila entseatuko diren dantzak:
- HH: Txulalai eta Luzaideko Martxa
- LH 1-2: Polka Pik eta Luzaideko Martxa
- LH 3-4: Baztango esku dantza eta Luzaideko Martxa
- LH 5-6: Polka Borobila eta Luzaideko Martxa
2. Zanko tailerra:
Adinari egokitutako zankoak egongo dira, bi zanko mota, hain zuzen ere: alde batetik, handienentzako zankoak eta bestetik, sokarekin lotutako zanko txikiagoak.
Zirkuito bat sortuko da zankoekin ibili ahal izateko. Hori horrela, txandaka, zirkuitoa gurutzatu ahal izango dute ume zein gaztetxoek zankoetan igota daudelarik.
3. Apainketa tailerra:
Adin bakoitzari egokitutako hiru teknika landuko dira:
- HH: Paperezko pankarta egitea, manley margoekin eta esku marka jartzen tenperekin
- LH 1-2-3: Oihalezko pankarta egitea, oihal gaineko pinturarekin
- LH 4-5-6: PatchWork teknika erabiliz, telak jostea eta pankarta bat egitea
Pankarta horiek Euskal Aratosteetako kalejira egunean, otsailaren 28an, herrigunea apaintzeko erabiliko dira.
Izen-ematea
Tailerren funtzionamendu ona bermatzeko, ezinbestekoa izango da tailerretan izena ematea. Horretarako azken eguna urtarrilaren 24a, barixakua izango da.
Bi bide daude izena emateko:
- Online: ondorengo galdetegia betez.
- Aurrez aurre:
- Pil-Pileaneko bulegoan, astelehenetik barixakura 10:00etatik 13:00tara eta 17:00etatik 19:00etara.
- Udaleko Harrera Bulegoan, astelehenetik barixakura, 9:00etatik 14:00etara.