Udal kiroldegiko inbertsioak
Soraluzeko Udalak 39.375,85 euro inbertitu zituen iazko urtean Arane Udal Kiroldegiko instalazioak hobetzeko.
Eraikinak, kirol jarduerez gainera, kultur zein aisialdi arloko ekintza ugari hartzen ditu (antzokia, liburutegia, ludoteka...) eta herritar asko pasatzen da bertatik egunero.
Hau horrela, Udalak bertako instalazioak egoera onean mantentzearen aldeko apustu garbia egin du azken urteetan eta horri begira egindakoak izan dira 2017. urtean zehar bertan burutu diren egokitze-lan ezberdinak.
Inbertsiorik gehienak eraikina legeak ezarritako segurtasun neurrietara egokitzera bideratu dira, igerilekuko zein antzokiko larrialdietarako irteera berriak egitera eta segurtasunerako argiteria aldatzera.
Aurtengo urteari begira, eraikina handitzeko asmoa dauka Udalak, kiroldegiari solairu bat gehituz, herrian kirol eta kultur azpiegiturei dagokionean dauden beharrak asetzeko asmoarekin.
Udal kiroldegiak 939 abonaturekin itxi du 2017 urtea, inoizko abonatu-kopuru handiena.
Etorkizunari begira, kiroldegiko erabiltzaile kopurua handitzea eta eraikina geroz eta instalazio erakargarriagoa eta txukunagoa izan dadin beharrezkoak diren inbertsioak egiten jarraitzea dira Udal Gobernu Taldeak dituen asmoak.