Serafin Atxotegi auzunearen izen berria
Soraluzeko Udalak izena aldatu zion iazko urrian Serafin Atxotegi auzuneari. Geroztik, Txurruken auzunea da beronen izen ofiziala.
Izena aldatzeko proposamena bertako bizilagunek egin zuten, ez baitzuten ondo ikusten frankismoaren defendatzailea izan zen Serafin Atxotegiren izena erabiltzea auzunea izendatzeko.
Udalak, proposamena aztertu ondoren, aho batez hartu zuen auzuneari izena aldatzeko erabakia, iazko urriko Osoko Bilkuran.
Txurruken izenak, jakina den moduan, gerora kaleko etxebizitza bilakatu zen "Txurrukena" baserrian du jatorria.
Larunbat honetan, eguerdiko 12etan, auzuneari izena ematen dion plaka berria inauguratuko da.
Bizilagunek antolatu duten ekitaldian bertsolari, dantzari eta kantariek hartuko dute parte, eta mokadutxo bat egiteko aukera ere izango da.
Udalak eta antolatzaileek auzotar guztiak gonbidatu nahi dituzte ekitaldira.