"Txarriboda" antzezlana ostiral honetan
Udaleko Kultura Batzordeak antolatzen duen "Antzerki garaia" zikloaren barruan, Hika antzerki-konpainiak "Txerriboda" antzezlana taularatuko du ostiral honetan, azaroak 16, iluntzeko 10:15ean, Herri Antzokian.
Udalak 2 sarrera bikoitz zozketatuko ditu ZOZKETAn parte hartzen dutenen artean. Parte hartzeko epea ostegunean, arratsaldeko 3retan, amaituko da.
Egilea: Agurtzane Intxaurraga.
Zuzendaria: Agurtzane Intxaurraga.
Antzezleak: Sandra Fdez. Agirre, Patxi González, Iñigo Aranbarri, Kepa Errasti, Juanjo Otero eta Iñaki Maruri.
Sinopsia: Mireiak eta Imanolek ezkongai bikote perfektua osatzen dute. Zorionaren irudia dira. Ezkondu egin dira gaur eta Patxi Bilbaok, emaztegaiaren aitak eta Ipertrolako handi mandiak, antolatu du ospakizun gala. Festa itzela. –“Gaur txerrien antzera, jan, edan eta dantza egitea nahi dut!” Horixe da iristean gonbidatuei egingo dien harrera. Guztiak bertan daudela dirudienean, ordea, Txusa azalduko da aretoan. Gizon gorputzean bizi den emakumea da Txusa eta Imanolen aitaren azken bikotea izan zen hura hil artean. Mireiak gonbidatu du ezkontzara. Emakumea atsegin du eta aukera polita iruditu zaio Imanolek Txusa hobeto ezagutu eta bere aitarena gaindu ahal izateko. Ezuste honek eta beste hainbat sorpresek ospakizuna kolokan jarriko dute.Ezkontza baino Txarriboda emango du. Flores Sarjentuak Patxi Bilbaoren atxilotze agindua dakar esku artean; nagusiak diru beltzean kobratzen duela jakin orduko, sukaldean giroa petral jarri da: tia Maruxak lanpernak jan eta komuna bilatu du gotorleku; Manizaleseko lehengusuek festa pribatua antolatu dute terrazan; bitartean Mireia eta Imanol eztabaidan ari dira: zerri bat zara!
Sarrera: 5 euro.