Txakur-kakentzako banagailuak
Soraluzeko Udalak txakurren gorotzentzako bi poltsa-banagailu jarri ditu Iturburu pasealekuan eta Arraikuako parkean.
Udalerrian dagoen arazoa dela eta, eta herritarren kexei bide emateko asmoz, Udalak txakurren gorotzentzako bi poltsa-banagailu berri jarri ditu Iturburu pasealekuan eta Arraikua parkean, bide publikoko gorotzak biltzea errazteko.
Bestalde, Udalak jakinarazi du herritarrek Udaltzaingoaren bulegoan eska ditzatela gorotzak jasotzeko poltsak. Urte hasieran Udalak 30.000 mila poltsa erosi zituen txakurren gorotzak jaso ahal izateko 1.422 euroko kostuarekin eta doan banatzeko asmoarekin.
Udaletik adierazi dutenez, "Herritarren eskura, baliabideak ipini daitezke pairatzen dugun arazoari bide emateko, baina txakur jabeak ez badira kontzientziatzen eta beren betebeharrak ez badituzte betetzen, arazoak bere horretan jarraituko du".
Instalatutako banagailuak altzairuz eginak daude Ferrus tratamenduarekin, korrosioarekiko erresistentzia optimoa bermatzen duena. Hondakinentzako barne-kubeta bat ere badute, ixteko sistema automatikoarekin.
Azkenik, udalak gogorarazi nahi izan du egoera horiek arautzen dituen zibismo ordenantza bat dagoela indarrean egoera hauek arautzen dituena:
Ordenantzaren 29. artikulua:
1. Jabeek behar bezala artatu beharko dituzte etxeko animaliak eta debekatuta dago, bereziki, hauek abandonatzea.
2. Debekaturik dago txakurrek eta bestelako animaliek kaka egitea haur jolastokietan, pasealekuetan, lorategietan edo bide publikoaren beste edozein lekutan. Horiek daramatzaten lagunek galarazi beharko diete bide publikoan kaka egitea. Era berean , txiza egiten dutenean ura ozpinarekin isuri beharko dute, inguruan eta hiri altzarian txizen efektua gutxitzeko, bereziki txakurrena, zikinkeria eta usain txarrak ekidite aldera
3. Gorotza bide publikoan uztea galarazterik izan ez badu, animaliaren jabeak edo arduradunak bertatik bertara ekingo dio jasotzeari. Hala ez egitearen erantzule izango da animaliaren jabea eta, haren ordez, animaliarekin doan laguna. Haietako bat ere agertu ezean, udaltzaingoak hala eskatuta jasoko da gorotza.
Artikulu hau ez betetzea arau-hauste arintzat tipifikatuta dago, eta 200€arteko isuna aurreikusten du.