Tamaina handiko hondakinen bilketa

Tamaina handiko hondakinen bilketa

2021/05/20
Altzariak, etxetresna elektrikoak, koltxoiak eta abar dira tamaina handiko hondakinak, eta garbiguneetan edo edukiontzien ondoan utzi daitezke, aurrez mankomunitatera deituta.

Tamaina handiko hondakinak biltzeko zerbitzuaren bidez, Mankomunitateak urtero milaka kilo biltzen ditu: birziklatu daitezken egurrezko altzariak, berrerabili edo birziklatzen diren etxetresna elektrikoak eta energetikoki birbalorizatzen diren koltxoiak jasotzen dira, esaterako.

2020an guztira tamaina handiko 776 tona hondakin bildu ziren eskualdean. Hondakin horiek adierazitako ordutegi eta egunetatik kanpo uzteak gure herrietan irudi txarra ematen du eta bilketak zailtzen ditu; hortaz, garbiguneetara eraman behar dira, edo Mankomunitateak herritarren eskura jartzen duen bilketa-zerbitzua erabilita, edukiontzien irletan utzi behar dira.

Tamaina handiko hondakinak biltzeko zerbitzuaren ordutegia

Tamaina handiko hondakinak ezarritako ordutegiaren barruan biltzen dira, eta garrantzitsua da herritarrek ordutegia errespetatzea. 20:30etatik 21:30etara jasotzen dira, astelehenetan Mallabian, Ermuan eta Eibarren eta ostegunetan Soraluzen, Elgoibarren, Mendaron, Deban eta Mutrikun. Hala ere, tamaina handiko hondakinak aterako badira, Mankomunitatera deitu behar da aurrez (943 70 07 99) abisua emateko eta, horrela, bilketak antolatu ahal izateko.

Bestalde, kalean hondakinak nahastuta daudela dirudi dezakeen arren, Mankomunitateak bere baliabideak erabiltzen ditu bilketa bereizia egiteko eta, horrela, hondakinen berrerabilpena edo birziklapena sustatzeko.

Mankomunitateak gogorarazten du tamaina handiko hondakinekin batera ezin direla atera pinturak, aerosolak, inausketa-hondakinak edo obra txikietako hondakinak, hala nola komunak, azulejoak, hodiak edo obra-hondakinak.

Bi edukiontzi berri, berrerabili daitezkeen hondakinak uzteko

Mankomunitateak berrerabili daitezkeen hondakinak uzteko bi edukiontzi berri ipini ditu Ermuan eta Mutrikun, gaur egun sortzen diren hondakinen kopurua murrizteko konpromisoari jarraiki.

Hondakinak biltzeko bi gune berri horiek Ermuako San Inazio kaleko 8. zenbakian eta Mutrikuko 3. portuaren jaitsieran jarri dira. Bi puntu horiek eskualdean dauden 33 puntuei gehitzen zaizkie, eta arropa, liburuak edo jostailuak uzteko balio dute batik bat.