Soraluzen Denon Kaleak prozesua martxan da

Soraluzen Denon Kaleak prozesua martxan da

2024/03/08
Datozen asteetan egingo dira Soraluzen Denon Kaleak prozesu partehartzailearen lehen bi saio irekiak, espazio publikoen berrantolaketa xede.

Datozen urteotan garapen urbanistiko garrantzitsuak aurreikusten dira Soraluzen. Horien artean nabarmentzekoak dira, besteak beste, SAPAko pabilioiaren birgaitzea eta Olaldeako eraldaketa urbanistikoa. Horiez gain, lehentasunen artean daude udalerriko bertako zein auzuneetako espazio publikoak garatzea eta beste espazio publiko batzuen birgaitzea eta azterketa: Plaza Zaharra, ur txorrotak eta frontoiko egokitzapenak.

Egungo egoeraren diagnostikoa

Esku-hartze horiek puntualak ez direla jakinda, udalerriko espazio publikoen sarearen eta espazioaren antolaketaren diagnostikoa egin nahi du udalak eta ondorengo berrantolaketa bi giltzarri kontuan izanik egitea: espazio publikoa topaketarako baliabide gisa ulertzea batetik, eta genero-ikuspegia txertatzea bestetik, eraldaketek herritar guztien behar eta desioak kontuan har ditzaten.

Azterketa horrekin, ondorengoak zein neurritan betetzen diren jakitea da helburua: dotazio eta espazioen banaketa geografikoaren oreka; espazioen banaketa azaleraren, erabileraren edo hierarkiaren arabera; espazioen arteko loturak, trafikoaren eragina eta zaintzaren mugikortasun-sarearekin harremana; eguneroko bizimodurako, autonomiarako edo mendekotasunaren zaintzarako ekipamendua eta egokitasun maila.

Partaidetza prozesuko lehen saioak

Soraluzen Denon Kaleak prozesua partehartzailea izango da, udal langileen, udal ordezkari politikoen zein herritarren arteko elkarlana bultzatuko baitu. Herritar diren neurrian, Haurren eta Nerabeen Kontseiluen bidez ere landuko da soraluzetar gaztetxoenen parte-hartzea.

Herritarrekin lehen bilera irekiak ostera, martxoaren 12an eta martxoaren 19an izango dira, biak 18:30ean Kalebarren 8an. 12ko saioak prozesua aurkezteko eta diagnostikoa garatzeko aurrelanketa egiteko balioko du; 19ko saioa aldiz, diagnostikoa partekatu eta proposamenak lantzeko izango da.

Gobernu taldeak herriko edozein auzotan bizi edota kaleetan orduak ematen dituzten bizilagunak animatzen ditu saioetan parte hartzera, adina, jatorria eta bizi-baldintzak edozein direla ere.