![Soraluzeko Udaleko aplikazioa eskuragarri dago dagoeneko Android sistema duten mugikorrentzat Soraluzeko Udaleko aplikazioa eskuragarri dago dagoeneko Android sistema duten mugikorrentzat](https://www.soraluze.eus/eu/albisteak/soraluzeko-udaleko-aplikazioa-eskuragarri-dago-dagoeneko-android-sistema-duten-mugikorrentzat/@@images/image-900-fc1e133ad6c38abb98d911bb0fd21096.png)
Soraluzeko Udaleko aplikazioa eskuragarri dago dagoeneko Android sistema duten mugikorrentzat
Mugikorretarako aplikazioa landu du Soraluzeko Udalak azken hilabeteotan, herritarrek udalarekin dituzten harremanak erraztea helburu. Aplikazioan soraluzetarren egunerokorako informazio eta tresna baliagarriak topatuko dituzte, udalarekin eta haren zerbitzuekin dituzten hartu-emanak era azkar eta samurrean egitea ahalbidetuko dienak, hain zuzen ere. Besteak beste, albiste, agenda, udaleko telefono eta online egin daitezkeen tramiteetara klik batez sartu ahal izango da.
Gaur gaurkoz, Android sistema eragilea darabilten mugikorretan bakarrik instalatu ahal izango da aplikazioa, Play Store ataritik deskargatuta. Tamalez, oraindik ez dago eskuragarri Apple sistema eragilea darabilten mugikorretarako.
Deskargarako lotura
Android sistema eragilea darabilten mugikorrek ondorengo loturan klik eginda deskarga dezateke Soraluzeko Udaleko aplikazioa: Soraluzeko Udala
Udalari zuzenean idazteko kanal berria
Aplikazioaren berritasunetako bat Idatziguzu atala da; izan ere, kanal edo bide berri batean datza, herritarrek udalari helarazi nahiko lieketen edozein mezu modu erraz eta azkarrean helarazteko.
Aurrerantzean, Idatziguzu atala erabilita, edozein motatako iruzkin, ohartarazpen, eskaera edo kexuak bidali ahal izango dituzte soraluzetarrek, mezua zein argazkia gehituz. Kanal berriaren bitartez, bidalitako iruzkina dagokion departamentuari helaraziko zaio, eta horrela zuzenago kudeatu.
Albisteen jakinarazpenak
Aplikazioak eskaintzen duen beste nobedade bat erabiltzailearen lehenespenen araberako albisteen jakinarazpenak jasotzeko aukera da.
Soraluzeko Udaleko webgunean argitaratzen diren albiste guztiak automatikoki argitaratzen dira aplikazioan; albiste horiek hainbat kategoriaren arabera banatzen dira, eta erabiltzaile bakoitzak aukera dezake interesatzen zaizkion kategoriako albisteen jakinarazpenak jasotzea.
Apple sistemarekin trabak
Soraluzeko Udalak hilabeteak daramatza mugikorretarako aplikazioa lantzen Codesyntax enpresarekin batera. Aplikazioa garatu ostean Android zein Apple sistema eragileei bideratu zaie haien sistemak darabiltzaten mugikorretan instalatzeko baimenak lortzeko. Androiden baimenak eskuratu ditu dagoeneko; zoritxarrez, Apple enpresarekiko harremanak ez dira horren arinak izan eta baimenen zain dago udala oraindik.
Udalaren hasierako asmoa aplikazioa Android zein Apple sistema eragile biak martxan zeudenean jaulkitzea bazen ere, iPhone mugikorren sistemak ezarritako trabek, aplikazioa Androiderako bakarrik egonda argitaratzera behartu du. Berandu baino lehen eragozpenak konpondu eta Apple sistemarako ere erabilgarri egotea espero du udalak.