Soraluzeko Udalak Pedro Larrañaga bizilaguna eta zientzialaria omenduko du datorren astelehenean (irailak 26)
Soraluzeko Udalak Pedro Larrañaga zientzialari eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Adimen Artifizialeko irakaslea omenduko du datorren astelehenean, irailak 26, 13:00etan, udalbatza aretoan. Ekitaldia herritarrei irekita egongo da eta Udalak omenaldi beroa egin nahi dio soraluzetarrari, udalerriko bizilaguna izateaz gain, zientziari ekarpen handia egin diolako. Horregatik, Udalak soraluzetarrak animatu nahi ditu hitzordura ez huts egitera. Omenaldiaren ondoren lunch bat eskainiko da.
Nahiz eta urte asko daramatzan Madrilen bizitzen, Pedro Larrañagak ez du inoiz harremana galdu bere jaioterriarekin, eta iaz bi obra eman zizkion udal liburutegiari:
- Industrial applications of machine learning, David Atienza, Javier Diaz-Rozo, Alberto Ogbechie, Carlos Puerto-Santana eta Concha Bielzarekin idatzia.
- Data-driven computational neuroscience, Concha Bielzarekin.
Bisita hartan, bere ikasle zeneko urteak gogoratu zituen, baita udal zerbitzu hau, liburutegia Kontzejupen zegoenean, erabiltzen zuen denbora ere. Era berean, adierazi zuen liburutegia zerbitzu “oso garrantzitsua” dela, eta ilusio handia agertu zuen Soraluzeri egindako dohaintzarekin.
Sari eta aipamen ugariz betetako ibilbidea
Bere ibilbide osoan zehar sari eta aipamen ugari jaso ditu Larrañagak, besteak beste, ondokoak: Europaea Akademia ospetsuko kide izendatu zuten, 2.000 kide baino gehiago dituena, horien artean 40 Nobel sari baino gehiago eta ikaskuntza, hezkuntza eta ikerketa sustatzeaz arduratzen dena; Adimen Artifizialaren Espainiako Elkarteak (AEPIA) saria eman zion eta New Delhin jaso zuen ere beste bat, Machine Learning-en egindako aurrerapen zientifikoei esker.
300 lan zientifiko baino gehiago eta 26 tesiren zuzendaria
Larrañagak 300 lan zientifiko baino gehiago argitaratu ditu. Kolon eta ondesteko minbiziari lotutako geneak detektatzeari buruzko lan bat, esaterako, mundu osoan patentatu da, eta estaldura nazionaleko patente bat lortu du biriketako minbizia diagnostikatzeko kit baterako. Gainera, 26 doktore-tesi zuzendu ditu. Gaur egun, Larrañaga mikrobioma aztertzen ari da, hesteetako pasabidea. Interes handiko gaia da, jende askok defendatzen baitu urdaila eta garuna oso lotuta daudela eta, urdailaren eraginez, prozesu neurodegeneratiboen eta antzekoen bilakaera alda daitekeela, Alzheimerraren kasuan bezala. Berriki, Adimen Artifizialeko I+G+Bko Espainiako Estrategia idatzi duten adituen taldean parte hartu du.
Horregatik guztiagatik, eta Larrañagaren ikerketa-jarduera eskertzeko, Soraluzek datorren astelehenean omenaldirik beroena eskaini nahi dio.