Soraluzeko Udalak eta Bizikale Mertarien Elarteak hizkuntzaren erabilera indartzeko ‘Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz’ kanpaina jarri dute abian
Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz kanpaina jarri du martxan Soraluzeko Udalak bigarren urtez jarraian, Bizikale Merkatarien Elkartearen laguntzarekin. Kanpainaren helburua herritar eta merkatariak sentsibilizatzea da, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilerari bultzada bat emateko. Honela, kanpainak herritarrak, kontsumitzaileak, aktibatu nahi ditu, erosketak egiteko unean euskara erabil dezaten eta herriko merkatari eta ostalariak gonbidatu nahi ditu euskaraz gerturatzen zaien herritarra euskaraz artatu dezaten.
Abenduaren 31ra arte
Kanpainak Eusko Jaurlaritzaren eta Gizpuzkoako Foru Aldundien babesa dauka eta EAEko 124 herritan eramango da aurrera, abenduaren 4tik 31ra. Kanpainaren berri telebistan, egunkarietan, autobus geltoki, sare sozial eta abarretan emango da, baita kanpainarekin bat egiten duten dendetan ere. Joan zen astean egin zen kanpainaren aurkezpena eta, bertan, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Donostiako Alkate Eneko Goiak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendari Elena Morenok eta merkataritza eta ostalaritza elkarteetako ordezkariek parte hartu zuten. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aipatu zuenez, Euskaraldiak proposatzen duen praktika sozialari jarraipena emateko aukera ematen duen kanpaina ere bada “Ahobizi edota Belarriprest rolean jarraitzeko bidea luzatzeko aukera berri bat da. Abenduan zehar jarraitu ahal izango dena”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek, nabarmendu zuen hau bezalako kanpainen “garrantzia”, herritarren, kontsumitzaileen, ostalarien eta merkatarien “kontzientziazioa eta sentsibilizazioa” bultzatzeko garaian. “Euskaraz eskaini eta eskatzean, komunitate barneko harremanak indartzen ditugu, merkatariek gertuko arreta baten alde egiten dute eta herritarrok tokiko merkataritzaren alde egiten dugu”, azaldu duen Mendizbalek eta gogoratu zuen euskararen erabilera indartzeko garaian “denen inplikazioa” dela beharrezkoa.