Soraluzeko Udala sare sozialetan

Soraluzeko Udala sare sozialetan

2016/06/20
Facebook sare sozialean zuen orrialdeari Twitter sare sozialeko perfila gehitu dio Udalak, erakundearen eta herritarren arteko komunikazioa hobetzeko.

Soraluzeko Udalak Web Orrialdea estreinatu zuen iazko udazkenean, Udalaren Komunikazio Planak zehazten zituen urratsei jarraituta. Orrialdea Eibarko Codesyntax enpresak garatu zuen, Udalak zehaztutako ildoak kontuan izanik.

Estetika txukun baina sinplearen alde egin zen, herritarrari informazioa bilatzea erraza gerta zekion; tresna praktikoa azken finean.

Ostean, FACEBOOK sare sozialean orrialdea sortu zuen Udalak, duela hiru hilabete inguru. Geroztik, web orrialdean argitaratzen diren albisteak sare sozial honen bidez zabaltzen dira automatikoki. Udalaren iniziatibak harrera ezin hobea izan du herritarren artean; horren adibide dira gaur egun Facebook-en dituen 848 atsegite edo lagunak.

Duela aste betez geroztik, TWITTER sare sozialean ere badago Udala eta bertan dituen jarraitzaileek ere jasotzen dituzte Udalak Web orrialdean argitara ematen dituen albisteak.

Ekimen guzti hauek herritarren eta Udalaren arteko komunikazioa areagotzea dute helburu moduan. Batetik, herritarrari ahalik eta informazio gehien ematea bilatzen du Udalak eta, bestetik, herritarrak Udalarekin harremanetan jartzeko ahalik eta erraztasun handienak ematea, albisteak iruzkinduz edo zuzeneko mezuak bidaliz.