Soraluzeko Tokiko Energia Komunitateak bete du lehenbiziko helburua

Soraluzeko Tokiko Energia Komunitateak bete du lehenbiziko helburua

2024/05/15
Soraluzeko Tokiko Energia Komunitateak bete du lehenbiziko helburua: bazkide kopurua bete da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Soraluzeko Udalarekin lankidetzan, eta Gipuzkoako Energia Komunitateen ekimenaren baitan martxan jarritako Soraluzeko Tokiko Energia Komunitateak bere lehen helburua bete du. Hori horrela izanda, udalak herritarrak zoriondu nahi ditu jasangarritasunaren eta energia berdearen alde egindako apustuagatik.

Martxoaren 11ko aurkezpen ekitaldiaz geroztik, bi hilabete iraun du bazkidetza kanpainak, eta eguen goizero izan da zabalik Energia Bulegoa Kalebarren 8an interesdunei arreta emateko. Maiatzaren 12a, domeka, izan zen Tokiko Energia Komunitatearekin bat egiteko azken eguna, hortaz, itxitzat eman da bazkidetza kanpaina.

Datozen asteetan zehar hasiko dira Tokiko Energia Komunitatea martxan jartzeko hurrengo urratsak ematen: bazkideek kanpaina itxieraren mezua jasoko dute, dagoeneko instalatuta dauden plaka fotovoltaikoak erregistratu eta legeztatuko dira eta energia berriztagarrien eskaintza bilatzeari ekingo zaio merkaturatzaileen artean.