Soraluzeko Mendi Astea
Soraluzeko Mendi Taldeak Mendi Astearen edizio berria antolatu du, urte batzuen ondoren.
Ondorengo hauek dira aurtengo Mendi Astearen programazioa osatzen duten hiru ekintzak:
- ABENDUAK 14, asteartea, 19:30 h: “Cholitas” dokumentalaren proiekzioa.
Espedizio harrigarriaren protagonista diren Boliviako bost emakume indigenen gaineko istorioa da. Askapen- eta ahalduntze-sinbolo modura Amerikako mendirik garaiena (Aconcagua) eskalatzea pentsatu dute. Beren irudia harrigarria da: beren gona tradizionala jantzita eskalatzen dute. Eskalatzaileak baino gehiago dira, emakume ausartak dira, libre, zoriontsu eta bizi sentitzeko espazio bat aurkitzen dutenak. Bere abenturak emakume izateko, tradizioa bizitzeko eta ama naturarekin harremanak izateko inspirazio-bidea erakutsiko dio munduari.
- ABENDUAK 16, osteguna, 19:30 h: Silvia Vidal eskalatzailearen hitzaldia.
Silvia Vidal eskalatzaile kataluniarra da, eta ez du parekorik ez hemen ez munduko gainerako lekuetan: urrutiko pareta handiak eskalatzen ditu bakarka, erabateko buruaskitasunean, guztiengandik eta gauza guztietatik urrun. Aurten, 2021ean, alpinista batek jaso dezakeen sari nagusiena jaso du eskalatzaileak, Urrezko Pioleta, bere ibilbideagatik.
- ABENDUAK 18, larunbata, 09:00 h: Irteera Atxolin mendira.
Goizeko 9etan da hitzordua, Plaza Berrian. Mendi Asteari amaiera emateko Atxolin mendira igoko dira mendi taldeko kideak eta nahi duten soraluzetarrak.