Soraluzeko jaixak berdintasunean, askatasunez eta plazerez!
Herriko jaiak elkar zaintzeko eta elkarrekin gozatzeko une direla jakinda, herritar guztiontzat hala izan dadila bermatzeko Soraluzeko Berdintasun eta Aniztasun sailetik planteamendu integrala jarri du martxan aurten ere.
Erasoen kontrako protokoloa
Jai hauetan ere, eraso matxista nahiz bestelakoen aurrean jarduteko protokoloa martxan egongo da, erasoa jasan duen pertsona nola artatu, eta eragileek jarraitu beharreko pausoak zeintzuk diren zehazten duena.
Protokoloa jaien antolaketan jardun duten zein jai-giroan jarduten duten herri eragileekin landu da, hala nola herriko tabernari, jai batzorde nahiz txosnekin. Era berean, erasoen kontrako protokoloaren berri ematen duten kartelak ikusgai egongo dira jai-gune orotan.
Horrela, Soraluzeko udalak berriro ere gogorarazi eta azpimarratu nahi du Soraluzen denontzako seguruak eta askeak izango diren jaiez gozatu nahi dugula eta hori indartzeko ondorengo ekimenak jarri dira martxan:
- Faroletako banderatxoak: Herriko jai-guneetan dauden faroletan hainbat mezu feminista jarri dira ikusgai. Besteak beste, Zubi Nagusian, herrigunean, Plaza Zaharrean nahiz Plaza Barrixan, tabernen inguruan, Gune Musik inguruan eta frontoian jarriko dira banderatxoak.
- Udaletxea ikur: Udaletxeko balkoian eta paretan mezu feministak aldarrikatzen dituzten pankarta eta lonetak jarriko dira. Mezuekin batera erasoen aurrean garrantzitsuak suerta daitezkeen telefono zenbakiak ere bai: 112 larrialdietarako zenbakia, udaltzainak, 24 orduko laguntza telefonoa…
- Gidak: Eraso sexistarik gabeko egunak eta gauak gidak eskuragarri izango dira herriko tabernetan eta txosnagunean jarri diren karteletan azaltzen den QRan deskargatuta. Bertan, modu praktiko eta errazean islatzen dira matxismoaren topiko esanguratsuenak, sexualitate aske eta osasuntsu baten ezaugarriak, autodefentsa feministaren kokapena etabar.
SexuBizi Gune Morea
Jaiak berditasunean eta askatasunez gozatzeko planteamendu integralaren baitan, SexuBizi Gune Moreak babeslekua eta gune segurua eskaintzen du. Bertan, indarkeria matxistari aurre egiteko bitartekoak eskuratu ahal izango dira, baita sexualitateari buruzko informazioa eta materiala ere.
Uztailaren 24an, eguaztena, jaietako lehen egunean jarriko da gune morea gaueko 23:00etatik 02:00ak artera, Zubi Nagusian.
Erasoen aurkako dei irmoa
Soraluzeko udaleko Berdintasun eta Aniztasun Sailak azpimarratu nahi du Soraluzen EZ dugula ERASO MATXISTA, ARRAZISTA ETA LGTBI+foborik ONARTZEN. Eta denon ardura dela hori horrela izan dadin, erantzukizunez jokatzea. Erasoen aurrean autodefentsaz jokatuz eta erasotzaileei EZEZKO argiak adieraziz, konplize bilakatu gabe.
Gainera, udalak gogorarazi nahi du jaiak herritar guztiek gozatzeko direla. Etxeko zereginak eta ardura familiarrak banatzen baditugu DENOK ondo pasatzeko denbora gehiago izango dugu.
Beraz, Plaentxiko jaixak berdintasunez, askatasunez eta plazerez gozatu ditzagun!