Soraluzeko jaietarako hainbat ohar

Soraluzeko jaietarako hainbat ohar

2024/07/15
Soraluzeko jaietarako zapiak aterako dituzte udalak eta Galtzagorri jai batzordeak; danborrada udaletxeko balkoitik ikusteko aukera izango dute herritarrek, izena emanda.

Soraluzeko jaiak gero eta hurbilago daudenez, azken prestakuntza lanetan dihardute herriko hainbat eragilek. Hori dela eta, udalak Santigo eta Santa Ana jaiekin lotutako hainbat ohar egin nahi dizkie herritarrei.

Jaietarako, koadrodun zapia

Soraluzeko jaietako bi eragile nagusik proposatuta, Galtzagorri jai batzordeak eta udalak, aurtengo jaietako zapia koadroduna izango da. Horrela, herri identitatea lantzeko proposamena luzatzen die soraluzetarrei, zapia jantzita jai giroan murgil daitezen.

Bi zapi egongo dira, Galtzagorriena eta udalak ateratako Soraluzeko jaixak zapia, eta bakoitzak irudi desberdina izango du koadrodun zapiaren gainean. Galtzagorriek eurek salduko dituzte Galtzagorrien irudi duten zapiak txoznetan; Soraluzeko jaixak zapia, ostera, Ikas Bidairako dirua batzen diharduten gazteek salduko dute uztailaren 23an arratsaldez eta 24an goiz zein arratsaldez, 3 euroren truke guztiek ere. Uztailaren 24 iluntzetik aurrera hainbat tabernatan eskuratu ahal izango da zapia.

Koadrodun zapia aukeratu da, propio, herrian egiten diren beste jaiegun batzuetan berrerabiltzeko modukoa izan dadin, Gaztañerre azokan edo Gabonetako kalejiran, hala nola.

Danborrada udaletxeko balkoitik ikusteko aukera

Aurtengo jaietan berreskuratuko da danborrada atzera ere, soraluzetar ugariren parte-hartzea izango duen herri ekimen handia. Interes handia piztu duen ekimena da, ezbairik gabe, eta udalak aukera eskaini nahi die herritarrei uztailaren 25ean danborrada udaletxeko balkoitik ikusteko. Aurrez izena eman beharko da, eta bi bide daude horretarako:

Uztailaren 22a izango da izena emateko azken eguna, eta toki baino izen-emate gehiago badaude, zozketa bidez aukeratuko dira parte-hartzaileak eta banaka abisatu.

Izena eman beharreko ekintzak

Udalak herritarrei gogorarazi nahi die jaietako hainbat ekintzatan parte hartzeko aurrez izena eman edo sarrera eskuratu beharra dagoela. Hauexek dira kontuan izatekoak:

  • Uztailaren 25ean, Santiago egunez, egingo den Herri Bazkarirako txartelak Iratxo goxoki-dendan eskura daitezke 15 eta 10 euroren truke. Hiru aukera izango dira: arrunta, begetala/halal edo haurrena.
  • Aurrez izena eman beharreko lehiaketa eta tailerrak:
    • Buruarin tailerra (haurrentzat)
    • Tortila lehiaketa (gaztetxoentzat)
    • Herri kirol txapelketa (gaztetxoentzat)
  • Udalak ohartarazi nahi du, halaber, bakailao lehiaketa beteta dagoela jada.