
Soraluzeko Euskal Aratosteen atarian, kartel nagusia kaleratu du lan-taldeak
Hamaika urte beteko ditu aurten herri identitatea eta herri partaidetza lantzea helburu duen eta herriko eragile ugariren partaidetza duen herri proiektuak.
Aurten, otsailaren 28an, barixakuan, ospatuko dira, eguerdian hasi eta gauera arteko egitarauarekin.
Egunaren antolaketa-taldean herriko elkarte edo erakunde hauek parte hartzen dute: Atxolin Guraso Elkartea, Plaentxi Herri Eskola, Parrandan Ludoteka, Urrats Dantza Taldea, Soraluzeko Musika Eskola, Pil-Pilean Euskaltzaleon Elkartea, Gaztelekua, Kukumixo Aisialdi Taldea eta Soraluzeko Udala. Horiez gain, baina, badira, era batera edo bestera parte hartzen diharduten taldeak ere: Soraluze BHI, Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolako joskintza tailerreko emakumeak, Kontrargi Argazki Taldea etab.
Egitaraua
Egitaraua ondorengoa izango da, euririk egin ezean:
- 14:30ean Argazki maratoia, eskolan.
- 15:15ean Euskal Aratosteetako kalejira, herrigunean.
- 16:00etan Aratosteetako dantza-erakustaldia, Zubi Nagusian.
- 16:30ean Txokolate jana, Kontzejupean.
- Jarraian, Iruñeko Donibane Auzoko Erraldoiak, kalez kale.
- 18:30ean Dantza herrikoiak, herrigunean.
Eguraldi iragarpenaren arabera egin beharreko aldaketa hauek adostu ditu lan-taldeak: kalejirarik ez litzake egingo eta ekitaldia eta ostekoak Kiroldegiko Pilotalekuan egingo lirateke. Eguraldiaren arabera egin beharreko ordutegi aldaketen eta antolaketen berri datorren astean emango da zehaztasun handiagoz.
Kartel irabazlea
Soraluzeko DBHko ikasleek kartel ugari aurkeztu dituzte aurtengo lehiaketa eta Ekain Ariznabarreta Jauregi gaztearena izan da hautatutakoa. Kartel koloretsua eta gaiari erabat lotutakoa hautatu du lan-taldeak aurtengo egitarauaren berri emateko.