Soraluzeko Euskal Aratosteak ate joka dira
Datorren astelehenean, urtarrilak 22, erakusketa berria inauguratuko da kulturguneko erakusketa-gelan, "Euskal Herriko Aratosteak" izenekoa hain zuzen ere.
Izenak ondo adierazten duen moduan, erakusketa Euskal Herriko herri ihauteri edo aratoste garrantzitsuenen errepasoa da; pertsonaiek, belarraren usaiak, joareen soinuak, musika egokiak eta abarrek ihauteriz-ihauteri eramango gaituzte Euskal Herrian barrena.
Pertsonaiak, 18 guztira, 1:1 eskalan eginak daude eta bakoitza bere azalpenarekin batera aurkezten da, euskaraz zein gazteleraz, Barandiaran, Satrustegi, Jimeno Jurio eta abarren ikerketetan oinarritutako informazioa oinarri hartuta.
Erakusketa urtarrilaren 22an zabalduko da eta otsailaren 3ra arte egongo da zabalik, arratsaldeko 4:30etik 7:30era, aste barruan, eta 12etatik 13:30era larunbatetan. Herriko ikastetxe ezberdinetako ikasle-taldeek eta emakumeen ahalduntze taldekoek goizez bisitatuko dute erakusketa.
Herri dantzen inguruko saio irekiak
Aratosteetako dantzak praktikatzeko helburuarekin, Urrats dantza taldeak hainbat saio ireki antolatu ditu.
Asmoa da otsailaren 9an, Euskal Aratosteen eguneko egitarauaren baitan, kalejira egitea. Arratsaldeko 6:30ean zubitik irten eta herrigunean zehar, meriendatxo batekin bukatuko delarik.
Herritar guztiak daude gonbidatuta saio hauetan eta kalejiran parte hartzera.
- Egunak: Urtarrilak 21 eta 28 eta otsailak 4 (Igandeak).
- Ordua: 11:00-12:30
- Tokia: Kiroldegia (2. solairuko kirol-gela).
Soraluzeko Euskal Aratosteak
Hamar urte beteko ditu aurten herri identitatea lantzen duen eta herriko eragile ugariren partaidetza duen proiektuak.
Aurten, otsailaren 9an, ostirala, ospatuko dira, eguerdian hasi eta gauera arteko egitarauarekin.
Hauek dira antolaketa taldean dabiltzan herriko elkarte edo erakundeak: Atxolin Guraso Elkartea, Plaentxi Eskola, Parrandan Ludoteka, Urrats Dantza Taldea, Soraluzeko Musika Eskola, Pil-pilean Euskaltzaleon Elkartea eta Soraluzeko Udala. Horiez gain, baina, badira, era batera edo bestera parte hartzen diharduten taldeak: Soraluze BHI, Joskintza tailerreko emakumeak etab.
Antolaketa Taldeko kideak aste honetako bileran.