Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak zaintzari buruzko zikloa eskainiko du

Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak zaintzari buruzko zikloa eskainiko du

2024/05/14
Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak zaintzari buruzko zikloa eskainiko du datorren astean: "Ez dadin bizitza eten" liburu-aurkezpena eta "¡Cuidado con los cuidados!" hitzaldia.

Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak bere lehen urratsak eman ditu apirila eta maiatza artean Emakumeon Sormen Akelarrea tailerrarekin. Hiru saiotan, guztira, adin eta jatorri anitzeko 27 emakume aritu dira elkarrekin ikasten, gozatzen eta ahalduntzen. Ahalduntze eskolaren hurrengo proposamena zaintzari buruzko hitzaldi ziklo bat izango da. Gaurkotasun handiko gaia da zaintzarena, ezbairik gabe, emakumeok alderik alde zeharkatzen gaituena, eta erdigunean ipiniko da.

Zaintzari buruzko zikloa, maiatzaren 21ean

Zaintzaren ertzak hainbat ikuspuntutatik aztertuko dira datorren martitzenean, maiatzaren 21ean, eskainiko den hitzaldi zikloan. 

Alde batetik, pentsamendu kritiko feminista sustatzen duen Emagin Elkarteko Miren Aranguren Etxartek Ez dadin bizitza eten liburuaren aurkezpena egingo du.

Liburuak planteatzen du zaintza ereduen hausnarketa eta eraldaketa beharrezkoa dela bizitza erdigunean kokatuko duen gizarte antolaketa bat osatzeko bidean hasteko, ez dadin inoren bizitza eten. Alta, helburu horrek errotiko aldaketak egitea eskatzen du, gure mundu ikuskera beste era batera definitzea. Horretarako, ezinbestekoa izanen da gaur garena baino zaurgarriago, elkarren mendekoago eta eko-mendekoagoak agertzea.

Besteik, Trabajadoras No Domesticadas kolektibo feministako Liz Quintana eta Txefi Rocok ¡Cuidado con los cuidados! hitzaldia eskainiko dute.

Zainketak dena eta ezer ez aldi berean dira. Gauza asko zaintzak dira, baina zaintza gisa izendatzen den guztia ez da zaintza. Pentsatzen gelditzea nor, non, nola eta noiz izendatzeko, zainketen dinamismoa ulertzen lagun diezaguke. Indarkerien eta desberdintasunen ardatz gisa jarduten dute. Zapalkuntza anitzak, hala nola arraza, klase soziala, atzerritartasun-egoera, adina, sarea eta estatus soziala, elkarrekin gurutzatzen dira eta elkar elikatzen dira. Zaintzak, mundu bidegabe eta desberdin honetan, sexuatuta, arrazializatuta eta geruzatuta daude.

Miren Arangurenek euskeraz jardungo du; Liz Quintana eta Txefi Rocok, ostera, gazteleraz. 45 minutuko bi hitzaldi izango dira eta ondoren, 30 minutu izango dituzte parte-hartzeileek galde-erantzunetarako zein gaian elkarrekin sakontzeko. Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolako gainerako ekintzen gisan, hau ere emakumeei* zuzendua izango da.

Izen-ematea

Zaintzari buruzko hitzaldi-zikloan izena emateko epea maiatzaren 17ra arte, barixakua, luzatuko da. Zaintza zerbitzua egongo da, aurrez eskatuta.

Izen-ematea egiteko bi bide egongo dira:

Izen-emate prozesuan laguntza behar izanez gero, edo jardueraren bati buruzko informazio gehigarria nahi izanez gero 943753043 telefonora deituta edo harrera@soraluze.eus helbidera idatzita lor daiteke.