Aldaketak trafikoan Urbantrail lasterketagatik
Igande goizean herrian ospatuko den Soraluze Urbantrail lasterketak aldaketak eragingo ditu trafikoan; autobus geltokiak tokiz aldatuko dira eta automobilak ez erabiltzeko gomendioa egin du Udaltzaingoak.
Igande honetan, urriak 7, Soraluze Urbantrail lasterketa egingo da herrian, goizeko 9:30etik aurrera, Soraluze Mugituz herri ekimenak antolatuta.
Lasterketa herrigunean burutuko denez, berau ibilgailu zein autobusei itxita egongo da goizeko 9:30etik 13:00etara.
Hauek dira ordu-tarte horretan zehar auto-gidariek moztuta aurkituko dituzten kaleak:
Erdigunea, Ezozibidea, Gabolats kalea, Arraikua kalea, Estazño kalea, Olea auzoa, Errekaldea, Txurruken auzunea, Santa Ana kalea.
Hori dela eta, ondorengoa eman du jakitera Udaltzaingoak:
Automobilak
- Ordu tarte horretan automobilak ez erabiltzea gomendatzen da.
Autobusak
- Autobus-geltokiak saihesbideko mutur bietara aldatuko dira (Carmelo Mendizabal industrialdea eta Mendiola Industriadeko zubia).
- Mendaroko autobusak (Euskotren) Sagarrerrekako geltokian hartuko dira.