Señora Bertso Eguna ospatuko da larunbatean
Argazkia:goiena.eus

Señora Bertso Eguna ospatuko da larunbatean

2024/02/12
Euskal Herri osoko emakume bertsolariak eta bertsozale feministak elkartuko dira otsailaren 17an Soraluzen, Señora Bertso Eguna ospatzeko.

Egun osoko egitarau betea prestatu dute antolatzaileek, "belaunaldien arteko sareak indartu eta emakume bertsolarien ahalduntzean aurrera urratsak emateko".

Eguerdiko 12:00etan bertso-poteoa izango da herriko tabernetan Izar Mendiguren, Uxue Alberdi, Nahia Sasco, Amaia Agirre, Jone Larrinaga eta Irati Majuelo bertsolariekin. Ostean, 15:00etan bertsolariak eta bertsozaleak bazkaritarako elkartuko dira Plaza Zaharreko karpan. Sarrerak 15€ren truke eskuratu daitezke Iratxo Goxo dendan otsailaren 13ra arte. Bazkalostean, aurrez idatzitako bertso sortak entzun ahal izango dira Aissa Intxausti eta Haizea Arana, Alazne Untxalo eta Maddi Ane Txoperena eta Alaitz Sarasolaren eskutik. 

Arratsaldeko 17:30ean bertso saioa egingo da karpan eta lau bertsolarik jardungo dute: Sarai Robles, Eli Zaldua, Irantzu Idoate eta Nerea Ibarzabalek. Gaiak jartzen Ainhoa Larretxea eta Ainhoa Urien arituko dira. Bazkaritara ez datorrenak ere izango du arratsaldeko saioaz disfrutatzeko aukera, momentuan 5€ ordaindu beharko ditu.

Egitaraua biribiltzeko, iluntzeko 19:30ean Elektropottotte taldeak berotuko du kalez kale giroa eta 22:00etatik aurrera Eire eta DJ Txilardegiren kontzertuak izango dira Gaztetxean.

Antolatzaileek soraluzetarrak animatu nahi dituzte prestatutako ekintzetan parte hartzera.