Euskadiko liburutegi digitala

Euskadiko liburutegi digitala

2020/03/26
COVID 19aren hedapenak sortutako egoera kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sarbidea erraztuko die herritar guztiei eLiburutegia erabili ahal dezaten.

Liburutegi digitala eskuragarri jarri dute erabiltzaileak ez direnentzako, liburu digitalak mailegatuz edo Internet bidez filmak eta dokumentalak ikusteko aukera eskainiz. Horrela, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sarbidea erraztuko die herritar guztiei eLiburutegia erabili ahal dezaten, zerbitzua@euskadi.eus helbide elektronikoaren bidez eskatzen duen orori. COVID 19aren hedapenak sortutako egoera kontuan hartuta, eta Euskadiko liburutegi publikoek aurrez aurreko zerbitzuak eten dituztelako hartu dute erabakia.

Azken egunotan maileguen hazkunde nabarmena nabaritu da eLiburutegian: maileguak bikoiztu egin dira. Horregatik, Jaurlaritzatik erabaki dute liburutegi-zerbitzua@euskadi.eus helbide elektronikoa herritar guztien eskura jartzea. Batetik, eLiburutegian sartzeko pasahitzik ez duten Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko bazkideek helbide horren bidez eskatu ahal izango dute; bestetik, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko bazkide ez direnek aukera izango dute helbide horren bidez bazkide egiteko eta, ondorioz, eLiburutegian sartzeko.

Hala, eliburutegia.euskadi.eus helbidean sartuta, Euskadiko Irakurketa Publikoko sareko liburutegietako bazkideek 20.000 liburu digital eta 15.000 film baino gehiagoko katalogo bat izango dute eskura. Liburuak ordenagailu, tablet zein eBook bidez irakur daitezke.

Liburutegi digital honetan sartzeko, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko bazkide izatea besterik ez da behar, eta nahikoa da liburutegiko gainerako zerbitzuetara sartzeko erabiltzen diren ohiko datuak sartzearekin (bazkide-zenbakia eta pasahitza, hau da, erabiltzaileek bazkide egitean jasotzen dituzten datuak). Hala ere, pertsona askok pasahitza ez dutela jakinda, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak liburutegi-zerbitzua@euskadi.eus helbide elektronikoa gaitu du aldi baterako, herritar guztiei eLiburutegian sartzea errazteko. Horrela, eLiburutegira sartzeko gakoa ez duten Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko erabiltzaileek helbide horretan eskatu ahal izango dute. Era berean, Irakurketa Sare Publikoko bazkide ez direnek bazkide egiteko aukera izango dute, liburutegiko txartela eta eLiburutegian sartzeko pasahitza eskuratuz.

Helbide elektroniko horrek aldi baterako eskainiko du aukera hori, egoera normalizatu arte. Hortik aurrera, eLiburutegian sartzeko pasahitza lortu nahi duenak edo Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegiren bateko bazkide egin nahi duenak liburutegietan bertan egin beharko du izen-ematea, orain arte bezala.