SAPAko pabilioia birgaitzeko lanak

SAPAko pabilioia birgaitzeko lanak

2023/03/31
Hurrengo astean emango zaie hasiera SAPAko pabilioia birgaitzeko lanei; sei hilabeteko iraupena izango dute eta Soraluzeko Udalak 1.190.000 euroko inbertsioa egingo du bertan.

Proiektua esleitzeko tramitazioa bukatu eta, atzo izandako obra-bisitaren ondoren, hurrengo astean emango zaie hasiera SAPAko pabilioia birgaitzeko lanei.

Proiektuaren helburua Udalaren jabetzakoa den SAPAko pabiloia birgaitu edo erreabilitatzea da, egungo egitura metalikoa mantenduz beti ere. Modu horretara herritarrentzako erreferentziazko erabilera anitzeko espazio estali bat sortuko da bertan.

Iker Aldazabal alkateak jakinarazi duenez, “Udalak 2019an hirigintza-hitzarmen bidez pabilioiaren jabetza eskuratu zuenetik, eremua berreskuratzeko eman beharreko urratsak eman dira eta hurrengo astean emango zaie birgaitze lanei hasiera. Bestalde, Aldazabalek gogorarazi nahi izan du "Uraren Euskal Agentziak Gabolatseko egungo zubia ordezkatzeko hartu duen konpromisoa", eta azpimarratu nahi izan du "bi hirigintza-jarduketa hauek funtsezkoak izango direla SAPAren eremua birgaitzeko.”

Aipatutako interbentzioaren zenbatekoa 1.190.000 eurokoa da eta jarraian adierazten den moduan finantzatuko da:

  • Eusko Jaurlaritza (Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila) AUZO BERRONERATZE INTEGRALA LAGUNTZAK IEEP: 440.000 €
  • Gipuzkoako Foru Aldundia (Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Ingurunea Departamentua): 700.000 €
  • Soraluzeko Udala: 50.000 €

Lanak Fernando Petralanda eraiketak S.L enpresak egingo ditu eta sei hilabeteko iraupena izango dute.