Santiago Auserónek "Luces de la frontera" kontzertua eskainiko du, Blues Hotsak jaialdiaren baitan
Blues Hotsak jaialdia antolatu du seigarrenez Errabal Kultur Elkarteak datorren asterako, jazza, bluesa eta musika beltza ezagutarazteko helburuarekin. Programatutako ekintza ugarien artean dago Santiago Auserón artista aski ezagunaren Luces de la frontera kontzertua.
Belztasunaren oihartzunen kantaria
Santiago Auserónek Radio Futuraren ondoren, trobalarien tradiziorantz lerratu zen; baina, Juan Perrok bere oinordetza elektrikoarekin senidetu nahi izan zuen tradizioa sonero kubatarrena izan zen aurrena, Auserónek 1984an Kubara egindako lehen bidaian ezagutua. Han egiaztatu zuen bazirela kantari beltzak eta mulatoak espainiera aise erabiltzen zutenak afrikar jatorriko molde erritmikoetan, musika afroamerikarraren beste ertzarekin alderatzeko aukera emanez. Horrela, herri musikaren korronte sakonekin lotu zuen bere abesti idazkera, oinarri iraunkorretan finkatutako etorkizun artistiko baten bila.
Zapatuko kontzertuan Santiago Auserón gitarrarekin batera arituko da, ahots ñabarreko eta instrumentazio bikaineko uztarketa gozoan, eskaintzen duen errepertorioarekin, inork gutxik egin dezaketen eran. Gitarra bikote, ahots aberatseko kantaria eta instrumentista zehatza dugu Auserón, eta kontzertu bakoitzean berrasmatzen du Auseron. Dylan bezala, kontzertu bakoitzean berritzen da, hor baitago (konposizioetan bezalaxe, noski) musika borroka guztien muina. Eta ezin ahaztu kantariak aurkezten duen pieza bakoitzari ematen dion azpimezua; hitzaldi labur horiei, konfesioaren eta fikzioaren erdibidean, grazia eta ironia darie.
Bai, entreteniturik gozatuko dugu, New Orleanseko berotasuna piztuz Kubako ekialdeko doinuan, zinema beltzeko soinu bandaren ezpalak jazz haizeak jotzen, boleroak eta rocka ahaztu gabe. Ea Radio Futura-ren piezaren bat entzuten dugun irten aurretik.