![San Andres auzoko parkea eraberritzeko prozesu partehartzailea jarriko da martxan San Andres auzoko parkea eraberritzeko prozesu partehartzailea jarriko da martxan](https://www.soraluze.eus/eu/albisteak/san-andres-auzoko-parkea-eraberritzeko-prozesu-partehartzailea-jarriko-da-martxan/@@images/image-900-84602e3ff18a31ca9095046241a835ae.jpeg)
San Andres auzoko parkea eraberritzeko prozesu partehartzailea jarriko da martxan
Soraluzeko Udalak, Hezkuntza Proiektuaren baitan, San Andres auzoko parkea herritarren iritziak bilduko dituen prozesu parte-hartzaile baten bidez eraberritzea erabaki du. Asmoa da San Andres auzoko bizilagunekin ez ezik, herriko ume eta familiek ere parte har dezatela eraberritze prozesuan.
Bi saioko parte-hartze prozesua izango da: lehen saioa, otsailaren 22an egingo da. Asmoa da prozesua uda aurretik amaituta izatea eta ordurako parkea eraberrituta izatea.
Soraluze herri hezitzailea
Soraluze herri hezitzailea izateko bidean, garrantzia berezia hartzen du herriko espazioak herritarren ekarpenekin pentsatzeak eta diseinatzeak. Are gehiago, umeak erdigunean jarri eta beraien hitza nahiz iritzia ezagutzeko guneak sortzea funtsezkoa da. Hori horrela, komunitate osoarekin egin nahi da lanketa, aintzak hartuz auzokideen, auzoko familien eta gainontzeko herritarren iritzia eta ikuspuntua.
San Andres auzoko parkea landa eremuan izaki eta naturarekin harreman estua duenez, balio hezitzaile handiak dauzka. Hortaz, eraberritze prozesua lehentasunezkoa da, ezbairik gabe.
Herriko parkeen diagnostikoa abiapuntu
Prozesuaren abiapuntua udaleko Haur eta Gazte sailetik herriko parkeen inguruan udazken hasieran egin zen diagnostikoa izan da. Behaketa horretan, herriko haur parke guztien egoera aztertu zen eta egin beharreko hobekuntzak zehaztu ziren. Tartean, San Andreseko parkea goitik behera eraberritzeko beharra, zein herriguneko eta landa eremuko beste parke batzuetan datozen hilabeteetan egingo diren hobekuntzak, Ezoziko parkean kasu.
Lehen hitzordua
Parte-hartze prozesuaren lehenengo saioa datorren astean, otsailaren 22an egingo da, goizeko 11:00tatik aurrera, orduan hasiko baitira dinamikak. Haurrentzako dinamika jakin batzuk erabiliko dira, udaleko Hezkuntza Sailak Kukumixorekin batera prestatutakoak. Helduek ere hainbat dinamikaren bidez izango dute parte hartzeko aukera.
Ostean, hamaiketakoaz gozatzeko aukera egongo da, Atxolin Guraso Elkartearen laguntzarekin, San Andresen bertan: salda, txorizoa, tortilla, gazta... egongo da.
Bertaratzeko bi modu egongo dira:
- Oinez igotzea: 10:15etan, Estaziñotik
- San Andresen bertan elkartzea: 11:00etan
Izen-ematea
Saioaren martxan ona bermatu eta antolatzaileen lana errazteko, ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea, otsailaren 20a baino lehen. Horretarako, ondorengo galdetegia bete beharko da: izen-ematea