Egin zaitez berbalaguna!

Egin zaitez berbalaguna!

2019/10/02
Pil-Pilean Euskaldunon Elkarteak Udalaren laguntzaz antolatzen duen ekimen honek talde txikietan euskara praktikatu eta hobetzeko aukera eskaintzen die bertan parte hartzen dutenei.

Zabalik dago dagoeneko Pilpilean Euskaldunon Elkarteak, AEK euskaltegiaren laguntzaz eta Soraluzeko Udalak finantzatuta, antolatzen duen Berbalaguna egitasmoa.

"Tútik Gura" izeneko leloa da aurtengo kanpainarako antolatzaileek aukeratu dutena eta urriaren 31ra arte eman daiteke izena.

Zer da?

Berbalaguna edo Mintzalaguna izeneko programa mintzapraktika programa da eta euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak, euskaraz hitz egiteko ohitura ez duten pertsonekin elkartzean datza.

Zergatik egin berbalagun?

Mintzapraktika programetan parte hartzeko hainbat arrazoi eta motibo egon daitezke: euskara praktikatu nahi izatea, euskara maila hobetu nahi izatea, harreman eta lagun talde berria bilatu nahi izatea, euskara ikasten ari direnei prozesuan lagundu nahi izatea, euskara plazara ateratzeko norberaren ekarpen txikia egin nahi izatea, ikasitako euskara erabili edo praktikatu nahi izatea, erdi ahaztuta duzun hizkuntza berreskuratu nahi izatea.

Nola funtzionatzen du?

Berbalagun taldetxoak kideen zaletasunak, gustuak, adinak, bizitokiak, eta ordutegiak kontuan hartuz sortzen dira. Ongi datorkizun ordu eta tokian, gustukoak dituzun gauzak egiteko biltzeko aukera duzu.

Berbalagun taldetxo bakoitza hiru, lau edo bost lagunek osatzen dute eta gutxienez astean behin biltzen da. Astean behineko hitzorduaz gain, mintzapraktika programetako taldeak elkar ezagutzeko eta harremanen sarea zabaltzeko noizbehinka ekintza osagarrietan parte hartzeko aukera izaten da: ikastaroak, irteerak, bazkari eta afariak, ikuskizunak,...

Nori zuzenduta dago?

Euskara ikasleak: Euskara ikasten ari direnek parte hartu ahal izateko, gutxienez, euskaltegietako B1.2 maila izan behar dute.

Ia euskaldunak: Euskara ulertzen duten baina berba egiteko orduan zailtasunak dituzten pertsonak, mintzapraktikaren bitartez beren euskera maila hobetzeko.

Euskaldunzaharrak: Euskaraz egiteko ohitura duten pertsonak eta ikasi nahi dutenei laguntzeko prest daudenak.

Zein iraupen dauka?

Izen ematea urrian zabaltzen da eta berehala mintzapraktika taldetxoak martxan jartzen dira. Programa ekainean eten egiten da, hurrengo ikasturtera arte.

Nola eman izena?

Egitasmo honetan izena emateko edo informazioa jasotzeko:

Tel.: 943751304

E-posta: sara@pilpilean.eus

Izen-ematea urriaren 31n amaitzen da.