
Poltsikoko hiztegi eleanitza Soraluzeko hainbat gunetan banatuko da, eguneroko esamoldeak ezagutzeko, euskaraz eta beste zortzi hizkuntzatan.
Deba, Elgoibar, Eibar eta Soraluzeko udalek elkarlanean sortu dute poltsikoko hiztegi eleanitza euskararen erabilera bultzatu eta gure herrietan bizi diren hizkuntza-komunitateen integrazioa errazteko. Ohiko 200 berba eta esamolde baino gehiago jaso dira hiztegian, bederatzi hizkuntzatara itzuliak: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, portugesa, arabiera (ahoskera gidarekin), urdua (ahoskera gidarekin), wolofa eta errumaniera.
Hiztegiak hainbat atal ditu: agurrak, gorputz atalak, eguneko ekintzak, otorduak eta zenbakiak, besteak beste. Bizikidetza eta elkar ulertzea bultzatuz, euskararen presentzia eta ezagutza indartu nahi dira. Bide honetan, kultura eta hizkuntzen arteko zubiak eraiki nahi dira, hizkuntza-aniztasun handia dugun herrietan; elkar ulertzetik, aitortzetik eta errespetutik.
Lanketa Soraluzen bertan
Soraluzen gunez guneko lanketa egiten ari dira Udala eta Pil-Pilean. Hori dela eta, Plaentxi Herri Ikastetxetik familia guztiei banatuko zaie, baita irakasleei ere. Soraluzeko Institutuan ere irakasle guztien eskura jarriko da, euskara indartzeko saioetan ari diren ikasleekin ere landuko dute, baita hainbat gelatan ere. Helduentzako Hezkuntzan ere (HHI/EPA), ikasle guztien eskura ipiniko dira eta lanketarako tresna gisa erabiliko dute. Baita Emakumeak, talentuak eta aukerak proiektuan ere eta Ludoteka nahiz Gaztelekuko udal zerbitzuetan. Euskaltegian ere eskuragarri izango dituzte. Horrez gain, herrian erroldatzen diren pertsonei ere banatuko zaie hiztegia ongi-etorri gutun batekin batera.
Beste hainbat tokitan ere eskuragarri egongo dira hiztegiak, herritar guztientzako: Udaletxeko Harrera Bulegoan, Udal Liburutegian, Gizarte Zerbitzuetan, Enplegu Zentruan, Anbulatorioan…
Halaber, Tokikomen bitartez, eskualdeko euskarazko hedabideek Hiztegia modu digitalean eskuratzeko aukera ere ipini dute: poltsikoko hiztegi eleanitza