Nerabeen aisia-ohiturak aztertzen
Soraluzeko Udaleko Hezkuntza, Haurrak eta Gazteak Batzordetik sortutako talde batek herriko nerabeen aisialdi-ohiturak ezagutzeko ikerketa-lan bat abiatu du. Talde horretan, alderdi politikoez gainera (EAJ, EH Bildu eta PSE-EE), arloko teknikaria eta herriko nerabeekin lan egiten duten hainbat elkartek parte hartzen dute, Keixeta IGE eta Kukumiso Aisialdi taldea kasu.
Aipatutako ikerketa-lanaren helburua, esan bezala, 10-16 urte arteko herriko neska-mutilen aisialdiko ohiturak ezagutzea da, zer egiten duten eta non egiten duten jakite aldera; halaber, egiten duten horrekin gustora dauden ere jakitea nahi da eta beren asebetetze-maila hobetzeko izan ditzaketen proposamenak ezagutzea.
Ikerketa aurrera eramateko garaian bi metodologia ari dira jarraitzen:
- Kuantitatiboa, nerabe guztiei beren ohitura, asebetetze-maila eta proposamenei buruzko inkesta betetzeko eskatuz.
- Kualitatiboa, nerabeekin bilerak eginez, inkestetan jasotakoaren gainean sakontzeko.
Nerabeengana heltzeko garaian herriko ikastetxe bien laguntza izan dute.
Esan moduan, ikerketa-lan honen azken helburua udaletik nerabeei begira egin beharreko aisialdi-eskaintza, espazioak eta bestelakoak berrikustea da, beren behar eta nahietara ahalik eta gehien hurbilduz, udalak dauzkan baliabide ekonomikoen arabera beti ere.