Muskiritzuko mendilerroan basoberritze lanekin jarraitzeko dirulaguntza berria eskuratu du Soraluzeko udalak
3.773 zuhaitz autoktono landatu dira Muskiritzuko mendilerroko bi lursailetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Departamentuak emandako 47.869,42 euroko dirulaguntzari esker.
Soraluzeko Udalak Muskiritzuko mendilerroa basoberritzeko proiektuaren fase berri bat osatu du, ingurumenarekiko konpromisoa berretsiz. Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak emandako 47.869,42 euroko dirulaguntzari esker Udalak 3.773 zuhaitz landatu ditu joan den ekainean erosi ziren bi lursailetan: Ariztitxian eta Azkoinen.
Espezie autoktonoen aniztasuna
Basoberritzeak espezie autoktono ugari biltzen ditu; hala nola pagoak, lizarrak, haritzak, urkiak, ezkiak, astigarrak, gereziondoak, otsolizarrak, gorostiak eta elorri zuriak. Aniztasun horrek nabarmen lagunduko du tokiko ekosistema leheneratzen eta inguruko biodibertsitatea handitzen.
LANDARE ESPEZIEAK | KOPURUA |
Fagus sylvatica | 1.186 |
Fraxinus excelsior | 700 |
Quercus robur | 443 |
Betula pubescens | 300 |
Tilia sp | 200 |
Acer campestre | 147 |
Prunus avium | 147 |
Sorbus aucuparia | 150 |
Ilex aquifolium | 200 |
Crataegus monogyna | 300 |
TOTALA | 3.773 |
Drone bidez grabatutako bideo honen bitartez ikus daiteke landatutako eremua eta landaketaren emaitza.