"Munduko ipuinen ziklo herritarrak" datorren eguaztenean izango du lehen hitzordua
plaentxia.eus

"Munduko ipuinen ziklo herritarrak" datorren eguaztenean izango du lehen hitzordua

2025/02/13
"Munduko ipuinen ziklo herritarra" datorren eguaztenean, otsailaren 19an hasiko da; Cris Jacasek "El pont del diable" ipuina kontatuko du katalanez eta euskeraz.

Iazko irailean munduko hainbat txokotako hizkuntzaz eta istorioz bete ziren Soraluzeko kaleak Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak, Udaleko Kultura Batzordeak eta Udal Liburutegiak elkarlanean antolatutako Munduko ipuinen egunaren aitzakian. Egun hark hizkuntza aniztasunari aitortza egitea, herritarren zein hizkuntz komunitateen arteko hartu-emanak ahalbidetzea eta ipuinen balioa sustatzea zituen helburu nagusi; xede horiei hauspoa eman nahi zaie orain Munduko ipuinen ziklo herritarrarekin.

Soraluzen bizi diren munduko beste lurralde batzuetako herritarren jatorrizko ipuinen kontaketa saioak antolatuko dira aurrerantzean, herritarrak beraiek protagonista izango direlarik. Izan ere, soraluzetarrek kontatuko dituzte ipuinak jatorrizko hizkuntzan eta euskaraz. 

Lehen saioa datorren astean

Datorren eguaztenean emango zaio hasiera Munduko ipuinen ziklo herritarrarari katalan jatorriko ipuin batekin: El pont del diable edo Deabruaren zubia eta Cris Jacas arduratuko da istorioa kontatzeaz. 

Ikasturtean zehar beste saio batzuk egitea ere aurreikusten da, soraluzeko beste hizkuntz komunitate batzuetako jatorrizko ipuinak eta istorioak entzuteko.

Antolatzaileek herritar oro animatzen dute saioan parte hartzera eta gonbidapena luzatu nahi liekete haien jatorrizko ipuinak kontatzera anima daitezen.

Liburutegia itxita saioak iraun bitartean

Udal Liburutegitik gogorarazten dute 16:30etatik aurrera, ipuin-kontaketa saioak irauten duen bitartean liburutegia eta haren zerbitzuak eten egingo direla. Saioarekin amaitutakoan zabalduko da berriz.

Bitartean, liburuak itzuli nahi izanez gero, Ludotekakoa tearen ondoko buzoia erabil daiteke.