"Munduko ipuinen eguna" ospatuko da Soraluzen, irailaren 28an
oarsoaldea.hitza.eus

"Munduko ipuinen eguna" ospatuko da Soraluzen, irailaren 28an

2024/07/30
"Munduko ipuinen eguna" ospatzeko egun osoko programazioa elkarlanean lantzen dihardute Soraluzeko Udalak eta Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak irailerako.

Kultura- eta hizkuntza-aniztasuna balioan jarriz munduko hizkuntzak eta kulturak ezagutzera ematea eta soraluzetarron artean harreman-sareak sortzea du xede Munduko ipuinen egunak. Irailaren 28an, zapatua, egingo da herrigunean eta egun osoko programazioa prestatzen dihardute Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak, udaleko Kultura Sailak eta liburutegiak. 

Munduko ipuinen eguna

Ipuinek kalea hartuko dute; izan ere, herriguneko hainbat txokotan izango dira ipuin-kontaketak hainbat hizkuntzatan, hala nola, arabieraz, gazteleraz, azeriz, katalanez eta euskaraz. Ipuin-kontaketez gain, liburu-azoka eta liburutegi txokoa ipiniko dira, eta ipuin-bazkaria ere egingo da Arriogain elkartean.

Ikasturtean munduko ipuin gehiago

Munduko ipuinen eguna ez da, ordea, egun bakarrerako mugatuko; ikasturtean zehar jarraipena izango du Mila eta hamaika ipuin - Munduko ipuinen ziklo herritarrarekin.