Euskarazko mintza-praktikak online

Euskarazko mintza-praktikak online

2020/05/29
Hogeita lau pertsonak eman du izena Soraluzeko Udalak, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, 5. eta 6. mailako ikasleek euskara online praktika dezaten abian jarri duen proiektuan.

Zenbait haurrek itxialdian euskararekin ia harremanik ez dutela eta, haiekin euskaraz bideo-dei bidez elkarrizketak edukitzeko proiektua jarri du abian Soraluzeko Udaleko Hizkuntza Politikaren Batzordeak, Pil-pilean Euskara Elkarteareki, Plaentxi Herri Ikastetxearekin eta Zaintza Sarearekin elkarlanean.

Arestian aipatu moduan, haurrei euskara erabili ahal izateko aukera ematea da proiektuaren helburua, itxialdia dela eta haur askok ez baitaukate etxean euskara praktikatzeko aukerarik.

Proiektua Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzenduta dago eta 24 ikaslek eman du dagoeneko bertan izena.

Ikasleek, talde txikitan banatuta, 45 mintutuko bi saio jasoko dituzte astero, 6 astean zehar, hizkuntza lantzeko jolasak erabiliko dituztelarik lanerako tresna moduan.

Saioak zeregin hauetarako prest agertu diren herritar boluntarioek dinamizatzen dituzte eta proiektuaren koordinazioaz eta aholkularitzaz EBETE hizkuntza-aholkularitza enpresa ari da arduratzen.