Maskarak erabiltzeko derrigortasuna
Gaurko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko neurri berriak jasotzen dituen AGINDUA argitaratu du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak.
Neurri horien artean nabarmenena maskarak erabiltzeko derrigortasuna da. Aurrerantzean, pertsonen arteko tartea edozein dela ere, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea, bai bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan, bai erabilera publikoko gune itxietan edo jendearentzat irekita dauden lekuetan, eta espazio berean beste pertsona batzuekin elkartu daitekeenean.
Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuetan, tabernak eta txokoak barne, maskara erabiltzeko betebehar hori jateko edo edateko unean bakarrik kentzen da. Bestela, erabili egin beharko da.
Hondartzetan eta igerilekuetan, bainua hartzen ari garen bitartean edo eremu zehatz batean bagaude, ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea, betiere erabiltzaileen arteko segurtasun-tartea errespetatu badaiteke. Hondartzetan eta igerilekuetan joan-etorriak egiteko eta paseatzeko, maskara erabili beharko da. Pertsona-taldeek gehienez ere hamar lagunekoak izan beharko dute, eta pertsonen arteko tartea errespetatu beharko dute beti.
Aipatutako aginduak bestelako neurri hauek ere jasotzen ditu:
- Ostalaritzako establezimenduak eta zerbitzuak, jatetxeak, txokoak eta elkarte gastronomikoak
Edukieraren muga kentzen da, baldin eta bermatzen bada 1,5 metroko distantzia fisikoa dagoela mahaien artean edo, hala badagokio, mahai-multzoen artean. Gehieneko okupazioa hamar pertsonakoa izango da mahai edo mahai-multzo bakoitzeko. Barrura sartzea eta barran zerbitzua ematea baimentzen da, bezeroen edo bezero-taldeen artean 1,5 metroko distantzia fisikoa gordez gero.
Betiere ziurtatu beharko da bezeroen arteko segurtasun-tarte egokia mantentzen dela, establezimenduaren barruko barran zein mahaietan, bai eta establezimendu horien kanpoaldean ere.
- Gazteen lonjak eta antzekoak.
Debekatuta dago gazte-lonjetan eta antzeko ezaugarriak dituzten lokaletan edozein jarduera egitea.