Mankomunitateak errefus edukiontz baten karakterizazioa egin du Soraluzen
Soraluzen ere herriko errefus edukiontzi baten karakterizazioa egin du Mankomunitateak, eta oraindik hobetzeko asko dagoela ondorioztatu da, birziklagarriak diren hondakin ugari agertu baitira edukiontzi grisean. Soraluzek 114.226,34 euro aurreztuko lituzke tonako hondakinak ondo banatuko balitu.
Mankomunitateak Europa mailako Hondakinak Prebenitzeko Astearen baitan antolatu du Soraluzeko ekintza, hondakinen kudeaketa egokiari buruzko kontzientziazioa sustatzeko helburuarekin. Horregatik, Mankomunitateak hainbat ekintza antolatu ditu eskualdeko udalerrietan hondakinak egoki sailkatzearen onurak azpimarratzeko. Horretarako, eskualdean birziklatutako hondakin organikoekin sortutako konposta ari da banatzen herriz herri.
Lorontzi biodegradagarri txikia opari
Konpostarekin batera lorontzi biodegradagarri txiki bat ere eman zaie herritarrei, petunia-hazi batzuekin, irudikatzeko hondakinak egoki birziklatuz gero bigarren bizitza bat ematen zaiela. Gainera, informazio puntuetan bi ingurumen hezitzaile egon dira, herritarrek hondakinen inguruan izan ditzaketen zalantzak argitzen eta hondakin bakoitza modu egokian birziklatzeko informazioa ematen. Horrez gain, informazio puntuetan jartzeko euskarri bereziak sortu ditu Mankomunitateak, hondakin bakoitza zein edukiontzitan utzi behar den argi eta modu bisualean adierazteko, konposta jasotzera gerturatzen direnek ikus ditzaten.
Karakterizazioak, edukiontzietako hondakinak aztertzeko
Eskualde mailan dauden birziklapen ohiturak aztertzeko karakterizazioak egin ohi ditu Mankomunitateak. Hauetan, eskualdeko hainbat puntutako edukiontziak aztertzen dira, hondakinak egoki sailkatuta dauden ikusteko. Horrela identifikatzen dira gaikako bilketaren inguruan eskualdean dauden ahulguneak, ondoren lanketak egiteko.