Lokalaren salerosketa hitzarmena

Lokalaren salerosketa hitzarmena

2019/12/31
Soraluzeko Udalak akordioa egin du Santa Ana kalea, 3. zk.ko eraikinaren jabekideekin; eraikinaren beheko solairuan dagoen bere jabetzako lokala saldu die igogailua instalatu dezaten.

Abenduaren 19an izandako osoko bilkuran, udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek Santa Ana kaleko 3. zk.ko beheko solairuaren salmenta egiteko alkatea ahalmentzea erabaki zuten, aho batez.

Aipatutako eraikinaren irisgarritasuna bermatze aldera, igogailu bat ipintzeko proiektua aurkeztu zuten jabekideek duela denbora bat, proiektua gauzatzeko beharrezkoa delarik gaur egun Udalaren jabetzakoa den beheko solairuko lokalaren zati bat erabiltzea.

Kontua da, baina, igogailua jartzeko lan hauek zati handia jango lieketela etxabe horretan dauden Ongizate Departamentuaren bulegoei eta Bake Epaitegiari, beren erabilera asko baldintzatuz.

Ondorioz, Udala akordio batera iritsi da eraikinaren jabekideekiin, lokala 60.000 euroan saltzeko.

Hau horrela, gaur egun lokal horretan dauden Ongizateko Departamentuaren bulegoak eta Bake Epaitegia udaletxeko bigarren solairura aldatuko dira, beharrezko egokitzapen lanak egin ondoren.