LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna
Soraluzeko Udalak ondorengo Adierazpen Instituzionala kaleratu du LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira:
ATZERA PAUSORIK EZ LGBTI+ PERTSONEN ESKUBIDEETAN
Atzera pausorik onartuko ez dugula ez da soilik lelo bat. Jarrera politiko argi bat da. Egiteko asko geratzen dela argi izanda ere, lortutako apurra ezabatzera etorri nahi duten indar ultrakontserbadore eta faxisten aurrean askatasunaren aldeko horma bat eraikitzeko konpromisoa da gurea. Hemen zeuden, badakigu, haiek hil baitzuten Francis, baina haien gorrotoaren gainetik eraikitzen jarraitu dugu. Kalean eta instituzioetan.
Harrotasunaren egunak kolektiboko pertsonei askatasun eta berdintasun aldarria ikusarazteko eta mahaigaineratzeko balio izan die. Aske bizitzeko eskaria erdigunean ipintzeko: BELDURRIK GABE, LOTURARIK GABE, MUGARIK GABE.
Trans legeak lortu ditugu, edo LGBTI+ kontseilu munizipalak. Kaleak gureak egin ditugu eta Moio oroitzen duen plaka jarri. Eraso LGBTIfobikoen aurrean elkartu gara, oihukatu dugu eta bisexualitatea bizi dugula aldarrikatu dugu euskaraz. Hori eta askoz gehiago egin dugu, bizitu dugu, konpartitu dugu eta borrokatu.
Baina hemen dira, beldurrik gabe esaten eraiki dugun hori, garen hori desegingo dutela. Ez dagoela eskubide atzeraezinik, ez daukagula eskubiderik. Eta guk, Ekainaren 28 honetan, garena, lortu duguna harro defendatuko dugula esatera gatoz.
Honen guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dugu. Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak… eraikitzeko konpromisoan berresten gara. Aldi berean, LGBTIQ+ mugimenduaren eta instituzioen arteko zubi eta elkarlanean sendotzeko, erabaki konpartituetarako bideak ezartzeko lan egingo dugu. Faxismoaren aurrean, bakoitzak beretik, eraikitzen jarraituko dugulako. Lege gehiago, baliabide gehiago, espazio gehiago.
Horregatik Soraluzeko udaletik honako konpromisoak hartzen ditugu:
- LGBTIQ+ mugimenduaren eta instituzioaren arteko elkarlana sustatzeko eta bertatik, herriko dinamika ezartzeko konpromisoa hartzen dugu. Erronka konpartitua da aurrean duguna, eta bakoitzari dagokion arduratik eta espaziotik, LGBTI+ politikak eraikitzeko ezinbestekoa da honelako gunea.
- Une oro etorkizunerantz aurrera egiten jarraitzeko urrats sendoak emateko konpromezua hartzen dugu; iragan gris eta erreakzionario hartatik guztiz urrunduko garela aldarrikatuz.
- Pertsonen berdintasunerako eta diskriminaziorik gabeko bizitza bizitzeko eskubidea defendatzeko konpromiso irmoa hartzen dugu, bakoitzaren orientazio eta identitate sexuala edo genero-adierazpena edozein dela ere.
- Gaztaroan lege frankisten ondorioz kriminalizatuak eta espetxeratuak izan ziren adineko LGTBI+ pertsonen eskubideak defendatuko ditugu, espazio propioak eta seguruak izateko eta bizitzaren amaieran armairura itzuli behar ez izateko.
- LGTBI+ haurrek irainik eta erasorik ez jasateko duten eskubidea eta erreferenteak izateko duten eskubidea defendatuko dugu.
- Emakume GUZTIEK laguntza bidezko ugalketarako sarbidea izatea defendatuko dugu.
- Zientziak eta MOEk adierazten duten bezala, homosexualitatea, bisexualitatea eta transexualitatea ez direla gaixotasunak eta ezin direla sendatu defendatzen dugu, eta, konbertsio-terapien salaketa eginez. Homofobia, bifobia eta transfobia baitira benetan tratatu eta sendatu behar direnak.
Honetaz gain, gure herrian LGBTIQ+ mugimenduak izandako papera eta historia aitortzeko lan egingo dugu, haiengatik baikaude egun gauden tokian. Besteak beste, Ekainaren 10a, Errenterian eraildako Francis Vadillo trabestia erail zuten eguna trans memoriaren egun izendatzea eskatzen dugu. Bere erailketak Euskal Herriko LGBTIQ+ mugimendua bultzatu zuen modu nabarmenean.
Amaitzeko, dei egiten dugu Ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko, eta bereziki ekainaren 28an arratsaldeko 19.00etan Plaza Berrian egingo dugun elkarretaratzean parte hartzera animatu nahi ditugu soraluzetarrak. Azkenik, Soraluzeko udala osatzen dugun alderdi guztiok LGBTI+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako.