LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna
Ekainaren 28an, 1969. urtean New Yorkeko Greeenwich villagen izandako Snewalleko matxinada ekartzen da gogora. Gertaera honek suposatu zuen lesbiana, gay, transexual eta bisexualen askatasun mugimenduaren jaiotza eta mundu guztian ospatzen da LGTB harrotasun egun bezala. Ospakizun honen oinarria, injustiziaren, bereizketaren eta etengabe polizia zein gizarte jazarpenaren aurkako herritarren matxinadan dago eta mundu mailako eskubide zibil eta sexualen aldeko mugimenduak bertan du sorrera.
Aurten, Madrilen ospatzen den WorldPride-rako (Mundu mailako harrotasuna) aukeratu den leloa "LGTBI eskubideak mundu osoan" da eta lelo honekin mezu orokorra bidali nahi zaie herrialde guztiei LGTBI gizabanakoen eta gainontzekoen berdintasuna lortzeko legeak egiten jarrai dezaten.
Ekainaren 28a orain arteko lorpenak ospatzeko data da, baina baita ahotsa goratu eta benetako berdintasuna lortzeko lege eta neurriak eskatzen jarraitzekoa ere eta sexu aniztasunaren aurkako mezuak haizatzen dituzten ahotsekin bukatzekoa.
Zentzu honetan, Soraluzeko Udalak ondorengoa salatu nahi du:
- LGTBI gizataldeak sexu harremanak zigortzen dituzten 70 herrialdetan baino gehiagotan jasaten duen giza eskubideen bortxaketa etengabea, horietako 11tan horrelako harremanak heriotza zigorrarekin zigortuak izan daitezkeelarik.
- Sexu joera eta genero identitatea aitzakia hartuta ematen diren delitu kontaezinak. Euskadin 31 zenbatu ziren 2016. urtean.
- Transexualitatea gaixotasuntzat jotzea (Osasunerako Mundu Erakundeak buru-gaixotasun moduan hartzen du oraindik) eta transexualen kolektiboak pairatzen dituen bazterketa eta estigmatizazioarekin amaituko duen legediaren falta.
- Osasun sistema publikoan lagundutako ugalketaz baliatzeko garaian hainbatek beren egoera zibil, sexu joera eta genero identitateagatik pairatzen duen diskriminazioa.
Halaber, Soraluzeko Udalak ondorengoa nahi du ekainaren 28 honetan:
- LGTBI taldeei bere babesa eta eskerrona adieraztea, baita ere mundu osoan zehar sexu joera eta genero izaeran oinarritutako diskriminaziotik salbu egongo den gizarte baten alde lan egiten duten pertsona guztiei.
- Hezkuntzaren maila guztietan balioetan eta sexu eta familia aniztasunaren aldeko errespetuan oinarritutako heziketa egokiaren beharra aldarrikatzea, LGTBI nerabe eta gazteen aurkako bullyingari eta eskola jazarpenari aurre egiteko programak garatuz.