Leherketa kontrolatua biribilgune berrian

Leherketa kontrolatua biribilgune berrian

2017/12/13
Foru Aldundiak leherketa kontrolatua programatu du bihar eguerdiko 1erako GI-627 errepidean eraikitzen ari den biribilgune berrian lur mugimenduak errazteko; errepidea eta bidegorria itxi egingo dira 5 minutuz.

Soraluzeko hegoaldean Foru Aldundia eraikitzen ari den Irukurutzetako biribilguneko obrak direla eta, bihar osteguna, hilak 14, leherketa bat programatu da, eguerdiko 13:00etan.

Hasiera batean leherketa astearterako zegoen programatuta, baina atzeratu beharra egon zen.

Leherketaren helburua bertan burutu beharreko lur mugimenduak erraztea da eta segurtasun neurri bezala GI-627 errepidea erabat moztuko da 5 minutuz.

Errepide nagusiaz gain, Karmelo Mendizabal pabiloira sarrera-irteera eta bidegorria ere itxi egingo dira denbora tarte horretan.

Biribilgune berriak herrirako sarbidea erraztea eta herri barruko trafikoa arintzea ditu helburu, ibilgailuei Soraluzeko hegoaldera GI-627 errepidetik bertatik iristeko aukera emanez, herri osoa zeharkatu beharrik gabe.

Errotondak 36 metroko diametroa izango du eta GI-627 errepidearen 51,980 puntu kilometrikoan eraikiko da, Irukurutzeta deituriko tokian.