Lapurretei aurre egiteko aholkuekin oharra kaleratu du Udalak

Lapurretei aurre egiteko aholkuekin oharra kaleratu du Udalak

2016/01/08
Azken aldian herrian gertatu diren lapurretak ekiditeko orduan baliagarriak izan daitezkeen hainbat aholku eman ditu Udaltzaingoak, atarietan itsatsi duen ohar baten bitartez.

Udalerrian gertatzen ari diren lapurretek kezka eragin dute herritarren artean, azken hilabeteetan lapurreta ugari izan baita herriko hainbat industria, taberna, denda, ibilgailu eta baita etxebizitzatan ere.

Egoera horren aurrean, Udal Gobernuak herritarrei adierazi nahi die etengabeko hartuemana duela Bergarako Ertzain-etxearekin eta, aurrez ere egin izan duen moduan, oraingoan ere zainketa-lanak areagotzea eskatu zaiola Ertzaintzari.

Ertzaintza bera, nahiz herriko Udaltzaingoa, ahalegin berezia egiten ari dira lapurretak ekiditeko. Hala ere, bistakoa da erabateko ziurtasuna bermatzea ezinezkoa dela. Horregatik, herritarrei hainbat aholku ematea beharrezkoa ikusi du Udalak, norberaren etxebizitzaren segurtasuna hobetze aldera.

Hori horrela, oharra zabaldu da herriko atatietan arestian aipatutako aholkuak emanez eta herritarrei zainketa-lanetarako elkarlana eta ikus lezaketenaz Ertzaintza edo Udaltzaingoa ohartaraz dezaten eskatuz.

Halaber, Ertzaintzarekin batera herritarrei zuzendutako hainbat hitzaldi antolatzeko asmoa dago lapurretei aurrei egiteko garaian hartu beharreko neurriez informazio zehatzagoa emateko.

Ekintza hauen asmoa herritarrak bizi dugun egoeraren jakitun izatea eta hartu beharreko neurriez ohartaraztea da; ez, inolaz ere, herritarren artean neurriz kanpoko alarma soziala piztea.