'La Novena' antzerki konpainia
"La Novena" antzerki konpainiak "Cuadros de amor y humor al fresco" antzezlana taularatuko du larunbat honetan, urtarrilak 13, arratsaldeko 8etan, Soraluzeko Herri Antzokian.
"La Novena" antzerki taldea Ikasten elkartearen baitan sortutakoa da, Debabarrenko Esperientzia Eskolako ikasle ohiek osatzen duten elkartea.
"Cuadros de amor y humor al fresco" José Luis Alonso de Santosek idatzitako antzezlana da, aurrez "Bajarse al moro" edo "La estanquera de Vallecas" idatzi dituen idazlea.
Antzezlana zortzi sketch edo istorio laburrek osatzen dute. Batak bestearekin zerikusirik ez duten istorioak dira, baina guztiek dute amodioa ardatz nagusi moduan, eguneroko bizitzako egoerak umore ikutu batez erakutsiz, zuzeneko musikaz lagunduta.
Sarrerak 3 euroan daude salgai, egunean bertan leihatilan.
Batutako dirua AFAGI (Alzheimer gaitzak jotako pertsonen senitarteakoak) elkarteari helaraziko zaio.