Katamarran ume-txokoak "Zirkomotrizitate" tailerra antolatu du; izen-ematea zabalik dago dagoeneko

Katamarran ume-txokoak "Zirkomotrizitate" tailerra antolatu du; izen-ematea zabalik dago dagoeneko

2025/03/21
Katamarran ume-txokoak ekimen ugari antolatu ditu datozen asteetarako; hurrengo ekimena "Zirkomotrizitate" tailerra izango da eta izena eman daiteke dagoeneko.

Iazko apiriletik dago martxan Katamarran ume-txokoa, 0 eta 4 urte bitarteko haurrentzako eta haien familientzako espazio hezitzailea eta 40 familia dira bazkide, gaur gaurkoz. 

Ekimen ugari ikasturtean zehar

Urteurrena aprobetxatuz, espazioaren kudeadetaz arduratzen den taldea ekimen ugari antolatzen ari da haur zein familientzako. Urtarrilean, aurten 5 urte beteko dituzten umeak agurtzeko merienda eta eta murala egin zituzten; otsailean, ostera, Gure ipuin kuttunak dinamika jarri zuten martxan, eta hainbat ipuin kontatu zioten elkarri. Orduko kronika bildu zuen plaentxia.eus atariak, jarraian ikusgai: Gure ipuin kuttunak 

Hurrengoa, Zirkomotrizitate tailerra

Martxoaren 30erako, domeka, antolatu dute hurrengo ekintza: Zirkomotrizitate tailerra 2, 3 eta 4 urteko haurrentzako (HH2 eta HH3). Arrate Espilla Zirko Eskolako irakasle eta Katamarran ume-txokoko bazkidea arduratuko da tailerra dinamizatzeaz. 

Bi txandatan antolatuko dira eta umeek psikomotrizitatea eta zirkoa uztartzeko aukera izango dute. Bizipen berezia izango da, haurren sormena bultzatzea ere helburu duena. 
Jolasaren eta mugimenduaren bitartez, zirkoaz eta espazioaz gozatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. 

Haurrek heldu batez lagunduta parte-hartu beharko dute tailerrean, eta aurrez izena ematea ezinbestekoa izango da. Horretarako, ondorengo estekan klik egin eta galdetegia bete behar da: izen-ematea

Katamarran ume-txokoko bazkideek doan parte hartu ahal izango dute ekintzan. Bazkide ez direnek bi aukera izango dute:

  • Tailerrean bakarrik izena ematea: 5€
  • Katamarran ume-txokoko bazkide egin, tailerrean parte hartu eta espazioa urte guztian erabili ahal izateko: 10€

Datozen ekintza eta berrikuntzak

Udazkenean egin zen Katamarran ume-txokoko lehen batzar orokorra, eta han adostu eta aipatutakoak aintzat hartuta material berria egokitu da: argi bereziak eta kolunpioa, besteak beste. Beste hainbat berrikuntza ere aurreikusten dira datozen hilabeteetarako, esaterako, rokodromo txiki bat.

Familiek hitzaldi edo formakuntzak egiteko proposamena ere luzatu zuten, beraz, bi programatu dira udaberrirako:

  • Haurren garapen psikomotorea, apirilaren 10ean, Nahia Alkortaren eskutik.
  • Mugak: noiz eta nola, maiatzaren 6an, Mireia Centenoren eskutik.