Jostailuak eta sexismoaren transmisioa
Jolasa denbora pasa hutsa baino askoz gehiago da eta haurtzaroko jarduera hezitzaile garrantzitsuena dela esatea ere ez da larregi exageratzea. Jostailuei dagokienean, jolasa osatu edota aberastu dezaketen tresnak direla esan daiteke eta berebiziko eragina dute haurren gaitasunen eta identitatearen garapenean.
Gabonen atarian gaudela, konturatuko zineten gainera datorkigun jostailu uholdeaz! Eskaintza ikaragarria da, eta horregatik, jostailu egokia aukeratu aurretik, helduak badaukagu zertaz hausnartu. Egokia al da adin tarte horretarako? Irudimena eta sormena sustatu edo mugatzen ditu? Bakarrik edota taldean jolasteko zein aukera eskaintzen ditu? Eta zein balio transmititzen ditu?
Azken galdera hau kontuan hartuta, esan beharra dago, jolasean ondo pasatzeaz gain, haurrek jendarteko arau eta portaerak barneratzen dituztela. Telebistako iragarkiak ikustea besterik ez dago iragarkiok eta ondorioz jostailu batzuek daramaten karga sexista ikusteko. Mutilentzako eraikuntza jolasak edo armak eta neskatilentzako panpinak edota sukaldetxoak. Eta motor bat izatekotan arrosa, nola ez. Mutilentzako sukalde urdinik ikusi al duzue inoiz? Eta zer dela eta koloreen araberako sailkapen hori?
Jolasaren bitartez beraz, generoan oinarritutako rol-ak eta estereotipoak barneratu, erreproduzitu eta betikotzen dituzte haurrek, horregatik, jolasaren inguruan hausnartzea eta ikuspegi hezkidetzailea zabaltzea beharrezkoa da. Helduoi dagokigu hein handi batean generoen arteko ezberdintasunak desagerraraztea eta haurrek aukera berdinetan jolasteko duten eskubidea bermatzea.
Gai hau lantzeko prestatu dugun saioa teoriko praktikoa izango da eta Luixa Rezabal eta Maialen Elduak gidatuko dute, ostegunean, abenduak 14, arratsaldeko 6:30etik 8:30era.
Plaza kopurua mugatua egongo da, eta, beharrezkoa izango da parte hartzeko izena ematea udaletxeko harreran (09:00-14:00), telefonoz (943753043) edo online esteka honen bidez: izena eman ( https://goo.gl/forms/eqrEx2b1WPiclXul2 )
Izena emateko epea bihar, asteazkena, arratsaldeko 2etan itxiko da.
Hezkuntza Proiektuak koordinatzen duen egitasmoa da "Eskola Herritarra", ekarpen edo zalantzarik izanez gero jarri gurekin harremanetan: soraluzehezkuntza@gmail.com