Jose Luis Zumeta artistak “Oi! Bihotz” libururako egindako margolanak ikusi ahal izango dira urriaren 30etik aurrera Oreka Art galerian
Erakusketa honetan aurkeztutako 38 serigrafiak José Luis Zumetak (Usurbil, 1939) Globo rojo aldizkarian sartutako testu eta poemetan inspiratuta sortutako Oi! Bihotz Ay! Corazón Oh! Heart liburuaren zati dira, eta Usoa Zumetak estanpatu ditu. Globo Rojo aldizkaria, izan ere, Santa Agedako (Arrasate, Gipuzkoa) San Juan de Dios Ospitale Psikiatrikoko gaixoek idatzitakoa da. Liburua 150 aleko argitaraldi mugatua izan zen; aleak zenbakituta eta sinatuta daude, eta eskuz egindako paperean serigrafiatuta inprimatu ziren.
Zumetak berak honela kontatzen du liburu honen historia: "80ko hamarkadaren erdialdera, Santa Ageda Erietxeko gaixoek idatzi eta argitaratutako aldizkari bat iritsi zitzaidan, Arrasateko lagun batzuen bitartez. Asko interesatu zitzaidan; izan ere, beti interesatu izan zaizkit alde batera dagoen jendearen lanak, artearen lanbidearen akademiatik at dagoen jendearen lanak, hala nola, graffitiak, haur-pinturak, arte herrikoia... Orduan, serigrafia bat bidali nien Globo Rojo izeneko aldizkariaren sortzaileei, egindako lanagatik zorionak emanez. Beraiek erantzun egin zidaten, ordura arte argitaratuta zituzten aldizkariaren zenbaki guztiak koadernatuta bidaliz. Haiek ikusi eta irakurtzean, pentsatu nuen material interesgarria zela liburu batean erabiltzeko, baina ez nekien nola erabili, eta niretzat, ez zen mota honetako proiektu bat gauzatzeko unea. Urte askoan ahaztuta egon ondoren, duela urte gutxi batzuk (2006), nire alaba Usoak, arte grafikoko inprimatzailea eta argitaratzailea den aldetik, elkarrekin edizio mugatuko liburu bat egiteko (serigrafian) proposamena egin zidan. Hasieran, ez nion kasu handiegirik egin, baina bera tematu egin zen, eta, orduan, aspaldiko ideia hura etorri zitzaidan burura. 26 testu labur aukeratu nituen, eta, Buenos Airesen egindako egonaldia aprobetxatuta, 2006-2007ko neguan bi marrazki egin nituen eta liburuaren maketari forma ematen hasi nintzen."
Autorea
Jose Luis Zumetak pintura ikasi zuen Donostiako Arte eta Lanbideen Eskolan eta Gipuzkoako Artisten Elkartean. Europako hainbat hiritara joan zen ikasketak osatzera, eta bertan, zuzenean ezagutu zituen garaiko abangoardia eta artea. 1966an, Gaur taldearen sorreran parte hartu zuen, Amable Arias, Rafael Balerdi, Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu eta Jorge Oteizarekin batera.
Zumetaren obraren ezaugarrietako bat aldakortasuna da; izan ere, euskal pintoreen bi belaunaldiren alderdiak eta interesak uztartzen ditu. Beti izan du interesa sustrai herrikoiak aurkitzeko, eta eduki argumentalez eta dramatismoz blai egon da. Koadro hauek deskribapen konplexuagoak eragin zituzten luze barik, zeintzuetan gatazka ilunak antzeman zitezkeen. Gatazka horiek, beti distiratsua zen kolore baten bitartez, frankismoaren azken urteetako drama kolektiboa islatzen zuten.
Bere azken lana, abstraktuagoa da oro har; zaletasuna dauka formatu handiekiko, berezkotasun indartsuz dago eginda eta neoespresionismoarekin lotuta dago, bere ibilbidearekin bat etorriz.
Erakusketaren ordutegia eta irekiera
Irekiera ekitaldia datorren eguaztenean, urriaren 30ean izango da, arratsaldeko 19:00etan Oreka Art galerian eta Usoa Zumeta artista bertan egongo da serigrafiak aurkezten, zein erakusketarik nondik norakoak azaltzen. Ekitaldi berezia izango da; izan ere, musika eskolako hainbat irakasleren eskutik zuzeneko musika eskainiko da eta Oi! Bihotz Ay! Corazón Oh! Heart liburuko hainbat poema errezitatuko dira.
Udalak soraluzetar oro gonbidatzen du erakusketaren irekiera-ekitaldira, hainbat arte diziplinaz disfrutatzeko aukera paregabea izango baita.
Erakusketa urriaren 30etik azaroaren 26ra bitarte egongo da ikusgai ondorengo ordutegian:
- Astelehenetik barixakura: 19:00 - 20:00